Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearen hitzetan, «Batasunaren mundua horretan tematzen bada, posible da ETA desegin eta historiara pasatzea». Hala egin dezala eskatu dio, eta datorren urtean egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurretik egin dezala. «Ez badu hala egiten, ez du inoren zilegitasun, babes eta publizitaterik merezi». Hain zuzen, ezker abertzalearen alde egin eta «publizitatea» ematea egotzi die EAJren eta PSE-EEren «ildo batzuei».
PP eta PSE-EEren arteko ituna ez du hautsi nahi Basagoitik, hala ere. Akordioa legealdi osorako sinatu zutela adierazi du, eta bete egin nahi duela: «Hitzezko euskaldunak gara, eta hitza betetzen dugu; ikusi beharko da zer egiten duten PSE-EEk eta bere gobernuak, azken hilabeteetan oso desbideratuta baitabil». Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren buruaren «bozeramaile» gisa ikusten du PPk PSE-EE; Espainiako Gobernuari oposizioa egiten. «Zilegi da PP kritikatzea, baina Jaurlaritza gobernatzera mugatu eta egoera hau gainditzen lagundu dezala» eskatu dio PSE-EEri. «Bestela, egoera okertu egingo da».
Basagoitiren ustez, egia da elkarbizitzan aurrera egin dela. Hala ere, oraindik pauso gehiago eman behar direla ohartarazi du, eta presoei buruz gehiegi hitz egitea egotzi dio PSE-EEri. Haren ustez, elkarbizitza «askoz gehiago» dela adierazi du: «oraindik bandari desager dadila eskatu ez dienei egin beharreko exijentzian urratsak egiten jarraitzea», esaterako.
Alde horretatik, PSE-EEko zenbait ordezkariren jarrera kritikatu du, Jesus Egiguren, Rafaela Romero eta Odon Elorza aipatuta. PP «deslegitimatu eta baztertzen» ikusten ditu horiek, eta ezker abertzaleari zilegitasuna eta indarra ematen. «Haien irizpideei jarraitzen badiegu, zintzoak Batasunakoak eta gaiztoak PPkoak direla ondorioztatuko dugu, eta gertatzen dena gertatzen da gero: Garitanok eta Izagirrek gobernatzen dutela». PPk, aldiz, ezker abertzalearekin ez duela «harreman normalik» izango azaldu du, «ez badu urteotan egin duenaren kritika egiten».
Baketzearen inguruan ari diren nazioarteko bitartekariei ere ez die begi onez begiratzen Basagoitik. Eta, Brian Currinen taldeak PPrekin biltzeko eginahalak egin dituen arren ez duela haiekin egoteko asmorik esan du, «alde batetan kokatuta ari baitira». ETA amaitzea bilatu ordez, «ETAk behartuta Batasunaren proiektu politikoa erdietsi» nahi izatea egotzi die nazioarteko adituei. Areago, «halako horrenbeste ez balitz erdian sartuko, ETA ez litzateke dagoeneko existituko», esan du. Beraz, Espainiako Gobernuak ez diela «kasurik egingo» ziurtatu du; «nik ere ez».
Aldaketarako baldintzak
Bestalde, EAEko PPk maiatzaren 12 eta 13an egingo duen kongresuan aurkeztuko duen txosten politikoaren eduki batzuk ezagutu ziren atzo. El Diario Vasco egunkariak jasotakoaren arabera, «garai berria» egonkortzeko Espainiako Gobernuak pausoren bat eman dezan, ETAk deseginda egon beharko du. Horixe jarri du baldintzatzat espetxe politika aldatzeko, adibidez. «ETA desagertzeak ahalbidetuko du garai berri bat irekitzea, non sakabanaketa politikak ez duen zentzurik izango. Ez alderantziz».
ETA desegitean Justiziak lehentasuna izan beharko duela ere dio txostenak, «inpunitateak elkarbizitza sustraitik kutsatuko lukeelako». Txostenak Espainiako Gobernuaren norabidea zehaztuko duela dio egunerokoak.
ETA bozen aurretik desegiten tematu dadila esan dio PPk ezker abertzaleari
Currinen taldeari alderdikeriaz aritzea egotzi, eta Espainiako Gobernuak ez diola kasurik egingo esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu