ETA desarmatzeko harekin hitz egiteko deia egin diote Madrili

Rufi Etxeberriak eta Ahernek bide bakartzat jo dute elkarrizketa, talde armatuak urratsa egin dezan

Bertie Ahern, herengun, Sabino Arana fundazioaren ekitaldian. L. J. / ARP.
Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
ETAk desarmatzeko erabakia har dezan, beharrezkoa da Espainiako Gobernuak harekin elkarrizketa bidea hastea, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagiak eta Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohi eta Aieteko Bake Konferentziako eragileetako batek esan duetenez. Biek ala biek erakunde armatuarekin hitz egiteko eskatu diote PPko gobernuari, ETAk armak behin betiko utz ditzan.

Etxeberriak, El Diario Vasco egunkariari eskaini dion elkarrizketan, adierazi du ETAk indarkeria uzteko hartutako erabakia «estrategikoa» dela eta ez duela atzera bueltarik, baina ohartarazi du konfrontazio armatuaren zikloabehin betiko itxiko bada, elkarrizketaren bidetik baino ez dela izango. «Desarmea modu adostuan eta bi aldeek ontzat jotzen duten hirugarren baten oniritziarekin egin beharko da». Ezker abertzaleko kidearen aburuz, ETAk badu borondatea urratsak egiteko, baina PPren esku dago «garai berrietara» egokitzea eta pausoak ematen hastea.

Bide beretik hitz egin du Irlandako gobernuburu ohiak ere, Sabino Arana fundazioak Aieteko Konferentziari emandako saria jasotzerakoan. Ahernen esanetan, heltzen ez diren arazoak «enkistatu» egiten dira, eta ETAren kasua aipatu du horren adibide gisara. Haren ustez, ETA desarmatuko da baldin eta gobernuak berarekin hitz egiten hasten badira: «Bakea etsaiekin lortzen da, ez lagunekin. ETA desarmatzeko bide bakarra harekin hitz egitea da». Berak eta Tony Blairrek horixe egin zutela azaldu du: «Traumatikoak eta gustukoak ez diren erabakiak hartu behar izan genituen, baina bakea lortzeko ezinbestekoak izan ziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.