Sare herritarrak urtarrilaren 13rako euskal presoen eskubideen alde deitu duen manifestazioarekin bat egin dute jatorri desberdineko indarkeria jasan duten zenbait biktimak. "Ideologia eta atxikimendu politikoak alde batera utzita", bakearen eta elkarbizitzaren alde mobilizatzeko eskatu diete euskal herritarrei. "Eskuak batu ahal izateko eta Bilboko kaleetatik elkarrekin ibiltzeko, bakea, giza eskubideak, elkarbizitza eta konponbidea eskatzen dugu", adierazi dute Roderok eta Muguruzak irakurri duten adierazpenean. Rodero, Muguruza eta Brouardekin batera, manifestazio deialdia babestu du Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak ere.
Nabarmendu dutenez, indarkeria ezberdinak "zuzenean" bizi izan dituztelako, ez dute halakorik beste inork pairatzea nahi. "Gure ekarpen xumeaz lagundu nahi dugu egiteko dauden lanei helduz, berriro indarkeria bat ere ez gertatzeko".
Prentsaurrekoan ohartarazi dute ez dutela nahi inork haien mina "erabiltzen jarraitzea", ez bada euskal gizartearen "ezinbesteko adiskidetzarako". Haien esanetan, "mina ez da baretzen bortxakeria horren eragileak izan zitezkeenei, gorrotoan, baita ilegaltasunean ere, oinarria hartzen duen kartzela politika sufriaraziz. Gorrotoa inoiz gure bizitzan sortu bazen ere, gaur egiaztatu ahal dugu hori ez dela gure aldarrikapena".
Aldiz, "euskal jendartearen gehiengo itzelaren bake eta elkarbizitza irrikak" oihartzun izatea nahi lukete, "giza eskubide guztien alde"; jasotakoa baino hobea izango den gizartea seme-alabei uzteko.
Hala, euskal presoen urruntzea, larri gaixo dauden presoen kartzelaldi eta "bizi osorako ezkutuko zigorrak ahalbidetzen dituen salbuespenezko legedia" indargabetzeko garaia dela aldarrikatu dute.
"Hori da gure herriko gizon eta emakumeei gaur eskatzen diegun ahalegina. Bakearen alde egiteko, jendarte tirabirak baztertuz eta elkarbizitzarako zubiak eraikiz", adierazi dute.
Sarek antolatutako manifestazioa Bilbon izango da, urtarrilaren 13an, Prest gaude. Euskal presoak Euskal Herrira! Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean.