Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak

Eta gazteak zer?

Asier Etxenike.
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Estatuan hauteskunde orokor hauetan parte hartzea eskasa izango dela ematen du. Hego Euskal Herrian ere ziurrenik horrela izango da. Arrazoiak ezberdinak izan daitezke: politikariek azken hamarkadetan herritarrekiko sortutako distantzia; krisiaren aurrean klase politikoak orokorrean, egindako kudeaketaren ondorioz, politikak are eta sinesgarritasun gutxiago izatea; Espainiako presidentea erabakita dagoen sentipena, e.a.

Sakoneko arrazoi soziologiko mamitsuetan ez naiz sartuko, ezta eduki politikoetan ere. Esaten da gazteek ez dutela interesik politikan, guztiaz paso egiten dutela, beren zilborrari begira bizi direla…… Baina zer pentsatu dezakete eurek, gazteek, politikaz? Zer politikariez?

Hauteskunde hauetan gazteei egiten zaien hautagaien eskaintza ez da nolanahikoa. Bipartidismoaren olatuarekin ito nahi gaituztenen eskaintza hauxe da: Rubalcaba versus Raxoi. Raxoi versus Rubalcaba.

Alde batean, Rubalcaba. Asteburu honetan Gonzalez eta Guerrarekin batera mitin batean ikusi nuenean, zera etorri zitzaidan burura: txikitan, oraindik politika zer zen ere ez nekienean, autobusetik ikastolarako bidean ikusten genuen mural bat gogoratu nuen; PSOE eta GAL lotzen zituen murala, hain zuzen. Ez dakit zehazki zenbat urte igaro diren ordutik hona, baina hogei urte baino gehiago bai.

Bestaldean, Raxoi. 1996an jada Estatuko gobernuko kide zena, hau da, orain hamabost urte jada gobernuaren bueltan zebilen politikaria.

Lehenak 60 urte, bigarrenak 56. Pentsa, Felipe Gonzalezek 40 urterekin lortu zuen Espainiako gobernuburu izatea. Aznarrek, 43 urterekin, eta Zapaterok, 44rekin. Horretaz gain, lidergo edo karismaren ikuspegitik Rubalcaba zein Raxoiren irudi publikoa ez da oso estimatua. Beraz, karisma edo adina izan, ez dut uste gazteentzat politikara hurbiltzeko, ez bata ez bestea, oso irudi erakargarriak direnik.

Bipartidismo horretatik kanpo, Hego Euskal Herrian lehenengoz beste bipartidismo bat dugu. Eremu abertzalean, lehen aldiz, Hego Euskal Herri osoan bi alderdi besterik ez dugu aukeratzeko: Amaiur eta EAJ-Geroa Bai. Haietatik, Amaiurren Arabako zerrendaburua da gazteekiko hurbiltasun pixka bat irudikatu ahal duen bakarra (35 urte ditu). Heziera txarrekoa ez izateagatik, adina alde batera utziko dut. Zerrendaburuek politikan daramaten denborari erreparatzen badiogu, beste hainbeste gertatzen da. Amaiurrek aurpegi berriak, karguz kargu ez dabiltzan pertsonak, politika «profesionaletik» aparteko perfila eskaintzen du. EAJ-Geroa Bai-ko hautagai buru gehienek, ordea, estaturako hautagaitza errepikatzen dute edo beste kargu batetik datoz.

Maiatzean eta ekainean esaten zen Bilduren arrakastaren arrazoietako bat boto gaztearekin konektatzen jakitea izan zela. Politikari profesionaletatik kanpoko profilak sinesgarritasun handiagoa ote duen aztertzea interesgarria litzateke (edozeinsigletatik at ere bai).

Bukatuaurretik, honakoa esango dut: nire ustez,gazteek badute interesa politikan. Bai, behintzat, nagusiagoek adina. Beste gauza bat da politikariengan duten interesa. Eta hemen errepikatzen dut galdera: gazteei alderdi edo hautagai bakoitzak egiten dien eskaintza politiko zehatzetik haratago, politika jende nagusiaren jarduna dela transmititzen diguten honetan, zer espero dute ba gazteengandik? M-15eko mugimenduaren oihartzuna apalduz badoa ere eta Hego Euskal Herrian izaera eta bilakaera propioa izan arren, hori sortzen lagundu zuten faktore sozialek hor irauten dute. Gazteek akaso politikariez paso egiten dute. Eta politikariek gazteez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.