Iragarpenak, eta polemikak, eta eztabaidak, eta manifestazioak. Etengabeko hautsa harrotu du ia bi urteko bidean Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformak. Azken urratsetan da legea bera taxutzeko ibilbidea. Espainiako Kongresuak bihar onartuko du LOMCE legea. PPren bakardadean, baina erabateko gehiengoarekin. Madrilen.
Bestelakoak dira kontuak Hego Euskal Herrian. PPren bakardadea erabatekoa da, eta oso gutxiengoa da Wert legearen aldeko jarrera—Jaurlaritzak asteon argitaratutako inkestan, herritarren %5—. Ia eragile eta talde politiko guztiak aurka dira —urriaren 12an protesta jendetsua egin zuten Bilbon—, eta legeari nola aurre egin da orain erronka. Gaur osoko bilkura berezia dute Eusko Legebiltzarrean, hori aztertzeko. 09:30ean hasi da saioa, eta zuzeneko kontakizuna egiten ari da Garikoitz Goikoetxea BERRIAko kazetaria.
Mahai gainean badaude proposamen batzuk. Jaurlaritzak iragarria du LOMCEren aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko duela. Etxean hasi da, hala ere, beste bide bat jorratzen: Heziberri 2020 egitasmoa jarri nahi du martxan, euskal curriculumaren bidean urratsak eginez eta euskal hezkuntza lege baterako bidearen abiapuntu gisa. Hezkuntzako eragile batzuekin bilerak ere egin ditu.
Foro horren gisako bat parlamentuan bertan sortzea da EH Bilduren proposamena, pausoak adoste aldera; gaurko bilkuran, mahai gainean jarriko du lantalde bat sortzea, talde politikoak eta hezkuntzako eragileak elkartuko lituzkeena. PSE-EE ere erabat aurka dago Werten legearekiko, baina ez du argitu zer egiteko prest dagoen, helegiteren bat gorabehera. Ez du babestu Jaurlaritzak abiatutako bidea —areago, egitasmo hori txartzat jo du, euskal curriculuma aipatzen duelako—.
Espainiaren kontrola
Jantzi juridikoa dago argitzeko, edozein kasutan. Zalantza hori da, Heziberri 2020 egitasmoa aski izango ote den erreformak eraginik ez izateko. Autonomia erkidegoek izango dituzte eskumenak legea garatzeko orduan, baina norainokoak diren ikusi beharko da. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ataka horri eutsi nahi izan dio: “Nahiz Wert legea orain onartu, lege garapena beharko du ezartzeko. Hor daukagu lehen aukera. Ikusiko dugu zer gertatzen den” (BERRIAn, irailaren 22an).
Madrilen kontrola handituko dela ziurra da, nolanahi ere. Batetik, curriculuma erabakitzeko gaitasun gehiago izango du —ikasgai nagusietan, eduki osoa—; bestetik, ebaluaziorako probak taxutzeko ardura ere bere gain hartu du —proba “nazionalak” izango dira, eta, horrekin, eskoletan zer irakasten duten kontrolatu ahalko du—.