konponbideari begira

ETA: "Une erabakigarrian gaude, konponbide osoa baitago jokoan"

Euskal presoen biziarekin eta eskubideekin jolasteaz aski dela dio ETAk. Angel Figueroa eta Xabier Lopez Peñaren heriotzen erantzule egin ditu Mariano Rajoy eta François Hollande. Euskal presoek pairatzen duten sakabanaketa eta bakartzea salatu ditu, eta gaineratu du presoak, zigortzeko erabiltzeaz gain, konponbide prozesua "ibilbiderik gabe uzteko" erabiltzen dituztela.

2013ko maiatzaren 2a
13:09
Entzun

"Mendeku politika horren muturreko adierazpenak dira", dio ETAk Gara egunkarira bidali duen oharrean Figueroa eta Lopez Peñaren heriotzen gainean. ETAren esanetan, Aieteko Konferentziaren ostean eta borroka armatuaren amaiera iragarrita, "benetako bakea" nahi duen ororentzat hurrengo urratsa presoak Euskal Herriratzea eta salbuespen neurriak gainditzea litzateke. Une hau erabakigarria dela dio ETAk, eta herritarrak ezin direla ikusle soil izan.

"Une erabakigarrian gaude, konponbide osoa baitago jokoan. Mendeetako gatazka gaindituko bada, ez dago ikusle paperean esperoan egoterik. Euskal preso politikoen egoerari eta blokeo jarrera gotorrei herriaren nahiarekin eta urratsekin aurre egin behar zaie. Euskal eragileen eta herritarren presioa areagotzea da gehiengoaren borondatea gutxiengoaren erabakiei gailentzeko bermea".

Oharrean dio ETAk Espainia, Frantzia eta Euskal Herriko hainbat eragile politiko aitzakiak bilatzen ari direla "blokeoa errotzeko": "Denek, bakoitzak bere diskurtsoarekin, egoera politikoan aldaketa esanguratsurik eman ez balitz bezala jokatzen dute, blokeoaren ardura ezker abertzalearen bizkar gainean jarri nahian. Ildo horretan, iraingarria da mota guztietako erasoak pairatzen ari diren presoei egoera horren errua egotzi nahi izatea".

Zuzenean aipatzen du ETAk EAJ, adieraziz ez duela presoen egoerari konponbidea emateko konpromiso zehatzik hartu. "Bitartean, blokeoaren arduradun den Espainiako Gobernuari leialtasun osoa eskaintzen dio. Hobe luke, presoen eskubideen aldeko aldarriei eraso eta lekuz kanpoko adierazpenak egin ordez, bi gobernuekiko exijentzia maila igo eta euskal gehiengoaren interesekin batera prozesuan ekarpen positiboak egiten hastea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.