ETAk AHTren kontrako atentatuak egin izana gogor gaitzetsi dute alderdi gehienek

Egitasmoaren kontrako mugimenduan esku hartzeko zilegitasuna ukatu diote erakunde armatuari.

2008ko abuztuaren 16a
16:05
Entzun
Gara egunkarira bidalitako agiri baten bidez ETAk bere gain hartu ditu azkenaldian egindako zenbait atentatu, haien artean Hernanin, Zarautzen eta Orion AHTren lanekin zerrikusia duten enpresen kontra egindakoak.

Oro har, gaitzespen zabala jaso dute agiri horren bidez ETAk bere gain hartutako atentatuek eta emandako argudioek, baina alderdi gehienek bereziki gaitzetsi dute erakunde armatu horrek AHTren kontra esku hartu izana.

PSE-EEren iduriko, adibidez, eraso horiek egin izanak argi uzten du ETA dela "progresoaren aurkako etsai handiena". "Euskal Y-ren kontra egoteak euskal herritarren aurrepanaren kontra egotea esan nahi du", adierazi du Jose Antonio Pastor buruzagi sozialistak. Baina ETAren kontra egiteko ez ezik, Jaurlaritzaren kontra egiteko baliatu ditu Pastorrek atentatu horiek: "Argi geratu dira Jaurlaritzaren kontraesanak, orain dela aste gutxi batzuk arte Euskal Y-ren kontrako atentatuak ETAk egin zituela zalantzan jartzen baitzuen".

Bide beretik PPk ere Jaurlaritzaren kontra egiteko erabili du agiria. "Jaurlaritzak berak ezik Euskadin guztiok genekiena baieztatu da: ETA dagoela Euskal Y-ren kontrako eraso guztien atzean", esan du Leopoldo Barreda bozeramaileak. "Beste alde batera begiratu da, errealitatea ukatu nahi izan da. Gertatutakoa ezkutatu nahi izan da, eta frogatu dena da guztiz alferrikakoa dela errealitatea ukatzea denbora tarte honetan ETAk ausardia hartu duelako eta orain Euska Y-ren kontrako kanpaina indartu duelako".

Hain justu, Jaurlaritzako hirukoko kide da EA eta "izugarrikeriatzat" jo du ETAk AHTren kontra jo izana. "Beste izugarrikeria bat da, erabat garaiz kanpoko zerbait, itzulbiderik ez duena", adierazi du Mikel Irujo komunikazio idazkariak. "Europako Batasunean inori ez zaio bururatzen bonbak jartzea proiektu baten kontra dagoelako", azpimarratu du. EAren gobernukide da EB ere, eta ETAren jokabidea gaitzesteaz gain AHTren kontrako jarrera ezin dela "xantaian" oinarritu adierazi du Mikel Arana Lehendakaritzako bozeramaileak. "Agiri horretan eragile politiko gisa aurkeztu nahi du ETAk bere burua gizartearen aurrean, baina mehatxuak eta hilketak egiten dituenak herritarren mespretxua besterik ez du merezi", erantsi du.

Aralarrek, berriz, AHTren eta Euskal Y-ren kontrako jarrera du, baina, halaber, gogor agertu da ETAk kontrako mugimendu horretan esku hartzearen aurka. "Onartezina da AHTren kontrako borroka zibilean parte hartzea", adierazi du Jon Abril koordinatzaileordeak. Ildo horretatik, ETA AHTren kontra hasi izana proiektu horren aurka egiteko oztopo dela iritzi dio: "ETAren ekintzek independentziaren edo beste proiektuen inguruko eztabaidak oztopatzen dituzte, debatearen kontrakoen jarrerak indartuz".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.