politika

ETAk "aldaketa politikoaren bidean beharrezkoak diren urratsak emateko prestutasuna" adierazi du

Erakunde armatuak dio "dinamika berri bat abiarazi nahian Euskal Herriaren alde urratsak ematen ari diren eragileekiko begirunea" daukala, eta bide horretan bera ere pausoak emateko prest dagoela. =lEzker abertzaleak asteazkenean==http://paperekoa.berria.info/harian/2010-03-18/002/007/Ezker_abertzaleak_konpromiso_«argi_eta_zehatzak»_eskatu_dizkio_ETAri.htm=l "prozesu demokratikoarekiko konpromiso argi eta zehatzak" hartzeko eskatu zion ETAri. Honen agiria argitaratu du gaur =lGara-k==http://www.gara.net/paperezkoa/20100321/189560/es/ETA-muestra-su-total-disposicion-dar-pasos-que-sean-necesarios-para-favorecer-cambio-politico=l. Jon Anzaren gorpua agertu eta Frantziako tiroketa -polizia bat hil zen- gertatu aurretik bidalitako agiria da erakunde armatuarena, martxoaren 10ekoa.

2010eko martxoaren 21a
12:01
Entzun
EUSKADI TA ASKATASUNAREN AGIRIA EUSKAL HERRIARI

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde iraultzaile sozialistak, Agiri honen bidez gure herriak bizi duen egoeraz egiten duen hausnarketa politikoa helarazi nahi die euskal herritarrei:

Espainiar gobernuak azken prozesua ondoratu zuenetik erasoaldi orokor eta bortitza antolatu zuen Euskal Herriaren kontra. Konponbide demokratikoaren aukeraren atea ixteaz batera, ukazioa eremu guztietara hedatzeko eta mugarik gabeko oldartze errepresiboa garatzeko hautua egin zuen. Eraginkortasuna lehenetsi dute zilegitasuna eta ikuspegi demokratiko ororen gainetik. Espainiako legalitatearen mugak gora-behera, denak balio du Euskal Herria suntsitzeko ahalegin zahar berrian.

Etsipenaren mezua luzatu nahi diote Euskal Herriari, askatasunaren aldeko borroka alboratu eta Espainiak inposaturiko joko-arauetan murgildu gaitezen. Espainian Euskal Herriak arnas hartzerik ez duela jakinik, Espainiako amaraun juridiko-politikoan euskal herritarron etorkizun askea motzean kateaturik dagoela.

Ezker abertzalea bilakatu da erasoen helburu. Duela 30 urte Euskal Herria Frantzia eta Espainiaren menpeko asimilazioa ezinezko bilakatu zuen ezker abertzalea. Askatasuna eta independentziaren atea parez pare zabalik irautea lortu duen ezker abertzalea. Bada, ezker abertzalearen kontrako eraso bortitzean Euskal Herriaren etorkizuna lurperatu nahi dute. Ezker abertzalearekiko presioan Euskal Herriaren borondatea bortxatzeko bidea aurkitu.

Independentismoa neutralizatzeko eta zokoratzeko salbuespen egoera ezarri da Euskal Herrian. Antolakunde politikoen ilegalizazioak, militanteen atxiloketak eta jazarpen politikoa ohikoak bilakatu dira gure lurraldean. Eskubide zibil eta politikoak etengabe dira urratuak. Euskal preso politikoen kontrako krudelkeria areagotu dute, koherentzia zigortuz eta berrabiatu duten damutze politikan txantai gisa erabili nahian. Herritarren bahiketak eta itaunketa klandestinoak ugaldu egin dira.

Errepresio latza, ezker abertzalearen jarduera politikoa baldintzatu ez ezik, faktore psikologikoan eragin nahi duena.

Hamaikagarrenez saldu nahi dute irtenbide polizialaren ameskeria. Harrokeriaz mintzo den Perez Rubalcaba Barne ministroak ongi baitaki gaur, atzo bezala, Euskal Herriaren eskubideen ezagutza dela euskal erresistentziaren amaiera bermatzen dion bide bakarra. Ase gabeko euskal herritarron askatasun egarria dela inongo zulotan topatu ezingo duen arma.

Gezurretan eta gerra propagandan ohitua da Espainiako Barne ministeritza, esaldi ponposoen atzean errealitatea desitxuratzeko ahaleginetan, eztabaida desbideratzeko saiakeran. «Votos o bombas» da azken asmakeria. Eta ezker abertzaleak argi eta ozen erantzuten dio: «votos», euskal herritarrok, muga eta injerentziarik gabe, eta proiektu guztiak egingarri direla, gure etorkizuna erabakitzeko metodo demokratiko gisa. Eman hitza herriari. Hori da Espainiako gobernuak ukatzen duen aukera, gatazkaren oinarrian dagoena. Hori da euskal herritarron borrokak altxarazi behar duen topea.

Indar itxura guztien gainetik, Espainiaren ahultasunaren ispilu da erasoaldiaren tamaina, duela 30 urte zabaldutako ziklo autonomikoaren porrota estaltzeko ezintasuna. Ukazioaren marko politikoaren zilegitasun ezari ohiko ikuspegi demokratiko eskasaz erantzuten dio Espainiak, inposizioa eta errepresioa areagotuz.

Hartara, adierazgarria da marko autonomikoa zuzenean kudeatzeko egin dituzten PSE-PP eta UPN-PSN estatu hitzarmenak, orain arte leiala izan den PNV baztertu behar izan badute ere. Jakin badakitelako eskuduntza berriak baino marko juridiko politikoa bera dagoela jokoan. Eta bide batez Euskal Herriaren eraikuntzan baliagarriak izan direla irizten dioten urrats guztiak indargabetzeari ekin diote.

Aldaketa politikorako gogoa dago Euskal Herrian. Espainiako gobernuaren itxikeriak eskaintzen duen etsipenaren aurrean horrela adierazi dute euskal herritarrek hamaika ekimen politiko, sozial eta kulturaletan. Horren adierazle argia da euskal eragileek antolatu dituzten elkarlan ekimenek jaso duten babesa.

Ilusio berri bat sortu da Euskal Herrian, zalantzarik gabe. Euskal Herrian aldaketa politikoa gauzatzea egingarri bilakatuko duen prozesu demokratiko bat abiatzeko espektatiba.

Alta, prozesu demokratikoak alde guztietako borondatea eta konpromisoak behar ditu. Baita egun jarrera itxiena erakusten duen Espainiako gobernuarena ere. Euskal eragile guztion zeregina izango da, beraz, ilusioa eraginkor bilakatu, prozesuak behar dituen baldintzak elikatu eta Espainiako gobernuak ezarri duen blokeoa borrokatzea.

Bide zaila eta arantzaz betea izango denaren zalantzarik ez du ETA-k. Baina askatasunak merezi du. Lortuko dugu!

ETA-ren Adierazpena:

1.- Azken hilabeteotan, errepresio egoera bortitzean eta presio politiko-mediatikoari aurre eginez, dinamika berri bat abiarazi nahian Euskal Herriaren alde urratsak ematen ari diren eragileekiko begirunea adierazi nahi du Euskadi Ta Askatasunak.

2.- Euskal Herria dugu erronka kolektiboa. Ukazio egoera gainditu eta Euskal Herriaren etorkizuna bermatuko duen eszenatoki demokratikoa eraikitzea. Bide horretan eragile guztion urrats sendoak eta konpromiso irmoak behar dira. ETA-k elkarlanerako eskuak luzatuak dituela adierazten du.

3.- Hartara, Euskal Herriko gizon-emakumei dei egiten diegu, nork bere alorrean eta dituen ahalen arabera, Euskal Herriaren alde borroka egin dezala. Herriaren aktibazioa baita Euskal Herriak aurrera egiteko berme nagusia.

4.- ETA-k, bere aldetik, dagokion eremuan aldaketa politikoaren bidean beharrezkoak diren urratsak emateko prestutasuna adierazten du.

5.- Gatazka konpontzeko borondatean berresten da Euskadi Ta Askatasuna. Euskal herritarrok gure etorkizuna inolako muga eta injerentziarik gabe erabakitzeko formulazio adostua eta horretarako bermeak ekarri behar dituen prozesu demokratikoa oinarri sendoen gainean eraikitzea da ETA-ren nahia eta zeregina.

6.- Toxikazio informatiboa Espainiako gobernuaren tresna politiko garrantzitsua bilakatu den honetan, herriari zintzotasunez eta gardentasunez hitz egiteko jarreran berresten da ETA.

7.- Azkenik, Euskadi Ta Askatasuna, Euskal Herria buruan eta bidean utzitako euskal gudariak bihotzean, duela 50 urte Euskal Herriarekin hartutako konpromisoan berresten da eta Euskal Herriaren aldeko borrokan tinko jarraituko duela aldarrikatzen du. Askatasuna erdietsi arte ez dugu etsiko!

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian, 2010eko martxoaren 10ean

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.