ETAk atzo Calahorran (Errioxa, Espainia) eztandarazi zuen bonba-autoak 70 kilo lehergai zeuzkan, Joan Mesquida Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren zuzendariak gaur esan dutenez. Horretaz gain, atentatua Bizkaia komandoak egin zuela uste dute, eta erasoan gutxienez hiru pertsonek hartu zutela parte. Haietako bat autoa aparkatzen ari zela bideo kamerek grabatu zutela dio Mesquidak. Etakideek autoa goizean lapurtu zuten, Herrera (Araba) mendian; ibilgailuaren jabeak arratsaldean topatu zituzten poliziek, onik.
Guardia Zibilaren kuarteletik ehunen bat metrora lehertarazi zuen bonba ETAk, haren atzealdean, eta bi lagun arin zauritu ziren -leherketaren unean salto egitean guardia zibil batek lepoan kolpe arin bat jaso zuen, eta adin gabeko beste lagun batek ere zauri arina izan zuen-.
ETAren izenean Bizkaiko DYAra 13:28an deitu zuen pertsonak esan zuen 14:00etan eztanda egingo zuela bonba-auto batek Calahorran, eta autoaren ezaugarriak jakinarazi zituen: marka eta kolorea (Honda Civic urdina). Hala, Guardia Zibilak eta Calahorrako udaltzainek kuartela eta ingurua hustuarazi egin zituzten, eta bonba-autoaren ondoan ez zegoen inor honek eztanda egin zuenean.
Kalte materialak handiak izan ziren; batik bat, kuartel ondoko etxebizitzetan. Oraingoz, 490 salaketa egin dituzte etxean-eta izandako kalteengatik. "Oso indartsua" izan zen leherketa, hango herritarrek esan zutenez.
Gallarza kalean izan zen atentatua, eta pixka bat lehenago astesantuetako prozesioa bukatu zen han inguruan. Pavier Pagola alkateak adierazi zuen ez dutela egun hauetako egitaraua bertan behera utziko atentatuagatik. Herrigunean dago kuartela, eta 1983an ere ETAren atentatua jasan zuen. Calahorra bera, Euskal Herriko mugatik gertu-gertu dago, Nafarroatik pauso batera; 20.000 lagun bizi dira.
Atzo hamabost egin zuen ETAk aurreko atentatua, Arrasaten (Gipuzkoa): Isaias Carrasco PSE-EEko hango zinegotzi ohia hil zuen, tiroz.
Atentatua
ETAk atzo Calahorran eztandarazi zuen bonba-autoak 70 kilo lehergai zeuzkan
'Bizkaia komandoa'-ri egotzi diote atentatua. Guardia Zibilaren kuarteletik ehunen bat metrora jarri zuen bonba ETAk, eta bi lagun arin zauritu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu