Getxoko Santiago Zabala eta Ondategi kaleen artean, bonba-auto batek eztanda egin zuen atzo 14:30ak inguru.Gara egunkariak leherketaren abisua jaso zuen ordu erdi lehenago, baina Ertzaintzak ez zuen denbora izan ingurua ixteko. Ondorioz, ertzain bat zauritua izan zen eta kalte materialak eragin zituen eztandak inguruko etxebizitzetan. 40 kilo lehergai zeuden autoaren barruan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Javier Balzak azaldu zuenez.
Leherketaren eraginez, segurtasun-hesia ezartzen ari zen ertzain bat Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten, zauri arinak zituela. Ospitaleko arduradunek esan zutenez, ertzainak ez zuen konorterik galdu, baina buruan eta aurpegian hainbat zauri zituen. Gainera, leherketaren ondorioz, atzamarra apurtu zitzaion eta ebakuntza egin beharko diotela azaldu zuten Gurutzetako medikuek.Halaber, Ondategi kalean zuloa egin zuen eztandak, eta inguruko etxebizitzen teilatuak eta leihoetako kristalak puskatu zituen. Bonba-autoa erabat txikituta gelditu zen eta kalteak eragin zituen ondoan zeuden beste bi ibilgailutan. Gainera, leherketaren danbatekoa urrunetik entzun ahal izan zen.
'Gara'-ri egindako deiaren bidez ohartarazi zuten
Bonba-autoa zegoela abisatuz, Gara egunkariak jaso zuen deia 14:00ak inguru, Donostiako erredakzioan. Kazetak azaldu zuenez, ETAren izenean hitz egiten zuen lagun batek telefonoz ohartarazi zuen Getxoko Manuel Smith kalean Peugeot 306 markako auto batek eztanda egingo zuela. Era berean, Artxanda mendiaren mintegiaren inguruan gizon bat katez lotuta zegoela adierazi zuen.
Herrizaingo Sailak azaldu zuenez, deiaren berri izan bezain laster Ertzaintzaren artezilariak Getxoko Neguri auzoan dagoen Manuel Smith kalera bertaratu eta inguruan segurtasun-hesia jartzen hasi ziren. Horretan ari zirela, 14:28ean, lehertu zen autoa. Bonbak ez zuen iragarritako kalean eztanda egin, handik 100 metrora baizik, Santiago Zabala eta Ondategi kaleen artean. Ertzaintzak ez zuen ingurua ixteko eta bizilagunak etxetik ateratzeko denborarik izan, Getxoko alkate Iñaki Zarraoak azaldu zuenez. Herrizaingo sailburuak adierazi zuen atentatua «indiskriminatua» izan dela, «inguruan bizi diren lagunak babesteko astirik ez baita izan».
Bost leherketa, eta bonba bat indargabetuta
Atzokoa 1999az geroztik, Getxon jartzen duten seigarren bonba da, nahiz eta horietako bat Ertzaintzak indargabetu zuen. Guztiak Negurin eta Areetan jarri dituzte. Auzo horietan enpresaburu, politiko eta kazetari ezagunak bizi dira.
Lehen atentatua 2000. urteko ekainaren 25ean gertatu zen. 100 kilo dinamita zeramatzan bonba auto batek Manuel Smith kalean eztanda egin zuen. Kalte material handiak eragin zituen eta lagun bat arin zauritu zen. Hilabete beranduago, uztailaren 24an, 50 kilo kloratita zituen bonba-auto bat zartarazi zuten Pilar Aresti PPko senatariaren etxe aurrean, Neguriko Amann kalean. Kalte handiak eragiteaz gain, zortzi lagun arin zauritu zituen. Hirugarren atentatu saioa 2001eko urtarrilaren 22an gertatu zen, Portuko pasealeku kalean. Ertzaintzak 50 kilo dinamitaz osatutako bonba desaktibatu zuen. 2002ko apirilaren 20an laugarren atentatua gertatu zen, Manuel Smith kalean baita ere. ETAk 30 kilo dinamita zituen bonba-autoa lehertu zuen, kale horretako 14. zenbakian, Cosme Delclaux bahituta izaniko enpresaburu eta abokatuaren amaren etxea aurrean. Leherketak kalte material ugari eragin zituen, baina ez zuen inor zauritu. Gaur arteko azken atentatua 2003ko ekainaren 23an geratu zen. 15 kilo leherkari jarri zuen ETAk Ereagako hondartzan zegoen Tamarises hotelean. Kalte materialak eragin zituen.
ATENTATUA GETXON
ETAk bonba-auto bat leherrarazi du Getxoko Neguri auzoan
Ertzain bat arin zauritu da eta kalte material handiak eragin ditu eztandak inguruko etxebizitza eta autoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu