ETA erakunde armatuak Gara egunkariari emandako elkarrizketan hausnarketa prozesua burutzen ari dela jakinarazi du eta uda baino lehen bukatuko duela. "Beste erakunde eta antolakundeak bezala, Euskadi Ta Askatasuna hausnarketa politiko iraunkorrean bizi da eta, noski, erakunde armatu gisa eraginkorrak izan eta estrategia eraginkorra izatea gure hausnarketaren ardatza eta kezka da. Hartara, uda baino lehen erakunde bezala hausnarketa eta asanblada prozesu bat amaituko dugu, estrategia politiko-armatu eraginkor bat finkatzeko helburuarekin".
Gogoeta horretako atalak, "Euskal Herriaren eraikuntzan eragiten duten indarrak eta estatuen inposizioa, nazioarteko eta estatu etsaien egoerak, egoera politikoa, azken negoziaketa prozesuaren balantze politikoa, Askapen Mugimenduaren ibilbidearen eta gure erakundearen azken hamarkadako jarduera, Euskal Herriaren eskubideak ezagutuak izan daitezen burura eraman beharreko estrategia eta ildo armatua, eta erakundearen barne antolaketa eta egitura" direla jakinarazi du.
Haren arabera, "burujabetzaren alde kokatuak dauden indarrak otzanik, dispertsaturik eta eragin ahalmen ez nahikoarekin ageri dira", eta "praktika politikoa" eskatu du. "Herri honen eskubideak aintzat hartzen dituzten indarren aktibaziotik etorriko da desblokeoa".
Gaur egun Espainiako Gobernuarekin "inongo hartu emanik" ez duela dio, baina "lehenago edo geroagoa elkarrizketa eta negoziazioa" izango dela.
"Eskenatoki demokratikoa" behar dela iritzi dio ETAk, eta "marko berri baten aldeko eztabaidara azkeneko 30 urtetan ETA eta ezker abertzalearen borrokaren bidez" iritsi direla uste du.
Fase berrirako-eta ez du uste bera "oztopoa" denik. "Larrua behar du Euskal Herria bere buruaren jabe izateko oztopoa ETA dela esateko. Hori iraingarria da, norberaren ibilbidea aise ezkutatzeko edota determinazio politikoa eskatzen duten urratsak ez emateko desenkusatzen aritzea da. Bide antzu bakarra, batean-bestean, urratzen ez dena da, bidegurutzean biraka aritzea da... eta Euskal Herriaren aldeko borrokan, Euskadi Ta Askatasunak behintzat, ez du bide galduetan barneratu edota denbora pasa aritzeko inongo asmorik".
Eusko Jaurlaritza berriaren egoera "kezkagarria da oso", ETAren esanetara, "baina ez PNVk bere boterea galdu duelako, botere hori espainiar aliantza faxistaren esku geratu delako baizik".
Politika
ETAk dio "estrategia politiko-armatu eraginkor bat finkatzeko" uda baino lehen hausnarketa amaituko duela
=lGara==http://www.gara.net/azkenak/05/138876/eu/Herri-honen-eskubideak-aintzat-hartzen-dituzten-indarren-aktibaziotik-etorriko-da-desblokeoa=l egunkariak elkarrizketa egin dio erakunde armatuari. Espainiako Gobernuarekin "inongo hartu emanik" ez duela dio, baina "lehenago edo geroagoa elkarrizketa eta negoziazioa" izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu