ETAk indar txikiko lehergailu bana jarri du Coruñan eta Santiagon

Santiagoko lehergailuak eguerdian egin zuen eztanda, esandako lekuan, zauriturik eta kalterik eragin gabe; Coruñan, aldiz, ez zen eztandarik izan eta, azkenean, Espainiako Poliziak lehergailua indargabetzea lortu zuen

Erredakzioa
2004ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Galiziako Santiago eta Coruña hirietan lehergailu bana zartaraziko zutela ohartarazi zuen atzo Gara egunkarira eginiko dei batean ETAren izenean hitz egin zuen pertsona batek. Esandakoaren arabera, leherketak 12:00etan gertatzekoak ziren Santiagon Alameda parkearen inguruetan eta Coruñan Finisterre hotelaren eta Arkeologia Museoaren artean. Santiagon zartarazitako lehergaia indar txikikoa zen, eta ez zuen ondoriorik eragin. Coruñako kasuan, aldiz, ez zen eztandarik izan eta, azkenean, Espainiako Poliziak lehergailua indargabetu zuen.

Santiagoko eztanda iragarritako orduan gertatu zen. Lehergailua, deitu zuenak esan bezala, Alameda parkean zegoen, Santa Susana elizaren hormetako batean, huntzak estalita. Hiriko alkate Xose Sanchez Bugallok jakinarazi zuenez, leherketak ez zuen zauriturik eragin, ezta kalte materialik ere. Bestalde, lehergailuak elizako horman ezkutatuta egunak edo asteak eraman zitzakeela baieztatu zuen; bere hitzetan, aurreko asteko bonbek eztanda egin zutenerako gordeta egon zitekeen. Guztiarekin ere, alkateak Santiagoko hiritarrak eta turistak lasaitzen saiatu zen: «Ezer larririk ez dela gertatzen nabarmendu nahi nuke. Normaltasuna erabatekoa da eta turistek eta erromesek ez diote etortzeari utzi». Era berean, Espainiako Poliziaren lana goraipatu zuen, ETAren deiaren berri izan eta hamar minuturako ingurua kontrolpean zutela azpimarratuz.Alameda parkea 15:00ak arte itxita eduki zuen Espainiako Poliziak, bertan lehergaiaren laginak eta frogak bildu bitartean.Coruñan, bestalde, lehergailuak ez zuen eztandarik egin iragarritako orduan. Polizia iturriek esandakoaren arabera, lehergailuaren erlojuak huts egin zuen. 15:00ak aldera, horretarako trebatutako txakurrak baliatuz, poliziek bonba aurkitu zuten, itsas pasealeku inguruko harri lubetan; gutxira, lehergailua indargabetzea lortu zutela jakinarazi zuten.Ikerketa iturrien arabera, Coruñako lehergailua, eztanda egin gabe eskuratuta, oso baliagarria izan daiteke Poliziarentzat; alde batetik,osagaiak aztertu ahal izango dituztelako eta, bestetik, hatz markak izan ditzakeelako. Bestalde, ikerketaren ildo nagusiaren arabera, lehergailuak hiru lagunez osatutako komando ibiltari batek jarriak dira, polizia iturriek Efe berri agentziari esan ziotenez.Coruñan Espainiako Gobernuak duen ordezkariak, Manuel Ameijeirasek, Santiagon eta Coruñan jarritako lehergailuak oso antzekoak zirela nabarmendu zuen. Gainera, herritarrei lasai egoteko eskatu zien.

Uda honetako zortzigarren eztanda

Santiagon atzo izandakoarekin, jada zortzi dira aurtengo abuztuan ETAk leherrarazitako bonbak. Guztira, Coruñakoa barne, bederatzi lehergailu ipini dituzte Kantabria, Asturias eta Galizian.

Abuztuaren 7an ETAk bi lehergailu zartarazi zituen, San Vicente de la Barqueran (Kantabria) eta Ribadesellan (Asturias). Biak ere indar txikikoak ziren eta ez zuten inor zauritu. Abuztuaren 12an Santanderren (Kantabria) eta Gijonen (Asturias) izan ziren leherketak, eta hiru egun geroago Llanesen (Asturias); hiru kasuetan ez zen zauriturik eta kalte materialik izan.

Aurreko astean, eztandak Galiziara hedatu ziren, Sanxenxo eta Baiona herrietan izandako leherketa banarekin. Sanxenxoko kasuan, eztandak pertsona bat zauritu zuen, baina ez larri. Jarritako azken lehergailuak atzokoak dira, Santiagokoa eta Coruñakoa. Coruñakoak, esan bezala, ez zuen eztandarik egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.