ETAk indarkeria betiko utziko duela besterik ez du entzun nahi Zapaterok

Joseba Egibarrek uste du ezker abertzalearen estrategia politikoa sendotzeko legeztatuta egon behar duela

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
ETAri mezu argia bidali dio Jose Luis Rodriguez Zapaterok, Espainiako gobernuburuak: biolentzia behin betiko utziko duela besterik ez du entzun nahi Espainiako Gobernuak. Menia iragartzea ez dela nahikoa izango ohartarazi dio Zapaterok erakunde armatuari: «ihesbideek» eta «higatutako hitzek» jada ez dutela balio esan dio. ETAk su-eten iraunkorra emateko aukeraren inguruan mintzatu da Espainiako gobernuburua, urteko azken ministro kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Gai horren inguruan, bi ideia azpimarratu nahi izan ditu: batetik, ETAk indarkeria «erabat eta betiko» eten behar duela, eta, bestetik, indarkeria desagertu ezean Gobernuak «irmo» eutsiko diola «terrorismoaren» aurkako politikari.

Arnaldo Otegik Wall Street Journal egunkariari eskainitako elkarrizketaz galdetuta, Zapaterok erantzun du ezker abertzaleko kidearen hitzok ez dituela «aintzat hartzen». Otegik AEBetako egunkariari adierazi dio ETA gertu dagoela indarkeria uzteko, eta euskal estatu independentea sortzeko estrategia baketsuari ekiteko. «Irakurri egin dut, besterik gabe», adierazi die kazetariei. Haren ustez, garrantzitsuena ez dira adierazpenak, «erabaki irmo, argiak eta sendoak» baizik. Horixe da Gobernuak eta Espainiako gizarteak nahi duten bakarra, haren esanetan.

Ezker abertzaleak datorren hauteskundeetan parte hartzeko aukera ordenamendu juridikoan zehaztuta dagoela gaineratu du. Horren inguruan hipotesirik ez dagoela azaldu du: ezker abertzaleak indarkeria gaitzetsi eta «talde terroristekin» inolako harremanik ez duela egiaztatu behar du,hauteskundeetan egoteko. Nolanahi ere, azken hitza auzitegiek izango dutela esan du Zapaterok.

Legeztatzea

Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidentearen ustez, berriz, ezker abertzaleak bide politiko eta demokratikoen alde egin duen apustua gauzatu dadin, ezinbestekoa da legeztatuta egotea. Estrategia politikoak sendotu eta politikan parte hartzeko legezkoa izatea funtsezkoa dela iritzi dio Egibarrek. Haren ustez, «zentzugabea» da ezker abertzalearen legeztatzea ETAk eta Espainiako Gobernuak egin ditzaketen urratsek baldintzatzea. Ezker abertzaleak emandako pausoa «historikoa eta atzeraezina» dela uste du Egibarrek, eta ziur da ETAk Bruselako Adierazpenari edo Gernikako Akordioari muzin egiten badio ezker abertzaleak zuzenean exijituko diola indarkeria eteteko. EAJko buruak dio ETA ezker abertzalearen «disidentzia» bilakatuko litzatekeela hori gertatuko balitz.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak bake aukeraren inguruan duen jarrera kritikatu du Egibarrek. Haren irudiko, Patxi Lopez lehendakariak «kanpotik» begiratzen dio Euskal Herriak duen egoerari, eta Madrilek zehaztutakoari jarraitzen dio. Egibarrek gogorarazi du bakea ez dela berez heltzen, eta landu beharra dagoela.Lehendakariari, beraz, ekimena hartzea eta egoera suspertzea dagokiola azpimarratu du.

Egibarren hitzak ez dira PSEren gogoko izan. Txarli Prieto Arabako PSEko idazkari nagusiak salatu du Egibarrek «alfonbra gorria» jartzen diela urteetan indarkeria babestu dutenei, baina ez diela indarkeria gaitzesteko eskatzen. Prietok ez du atsegin EAJren barnean dagoen «diskurtso bikoitza»: «Terrorismoa pairatzen dutenaketa indarkeria babesten dutenak babesten ari da aldi berean», haren irudiko. EAJk ETAren amaieraren inguruan duen diskurtsoa zein den jakiterik ez dagoela esan du PSEko buruak, eta jeltzaleei eskatu die gaitzetsi ditzatela ustez erakunde armatuak enpresaburuei bidalitako estortsio gutunak eta duela zenbait aste Frantzian egindako lapurreta.

Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak esan du Gernikako Akordioa dela egungo egoeran alderdi politikoek bat egiteko oinarria. «Demokrata orok» sinatzeko moduko akordioa ez ezik, bakegintza eta normalizazio politikoaren «bide orria» ere badela esan du Zabaletak.Bake aukeraz itxaropentsu mintzatu da Aralarreko burua: «Prozesuak ez dauka atzerako bueltarik; beste batzuetan izan ez duen oinarri ideologikoa dauka, eta aldebakarrekotasuna aldarrikatzen du prozesuak aurrera egiteko».

ETAren balizko su-etenari dagokionez, Zabaletak gogorarazi du Gernikako Akordioa sinatu dutenek eta sinatu ez dutenek itunaren edukia betearaztea exijitzen diotela ETAri. «Bakoitzak bere ikuspuntu eta jarrera ideologikotik egin beharko du, baina horixe da bidea», azaldu du Aralarreko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.