politika

ETAk 'iraultza zerga' bukatu duela jakinarazi die euskal enpresaburuei, horiek diotenez

Aste honetan erakunde armatuaren gutun bat jaso dutela adierazi dute gaur EAEko eta Nafarroako enpresaburuen elkarteek. Euskal enpresaburuek azken asteetan esan izan dute ez dutela ETAren diru eskaerarik jaso hilabeteetan. ETAk su-eten orokorra eman zuen urtarrilaren 10ean.

2011ko apirilaren 28a
18:51
Entzun

Azkeneko asteetan Hego Euskal Herriko enpresaburuek esan izan dute azken hilabeteetan ETAren diru eskaerarik ez dutela jaso, eta gaur eguerdian Jose Antonio Sarria Nafarroako enpresaburuen konfederazioko presidenteak eta Confebask EAEko enpresaburuen elkarteak jakinarazi dute erakunde armatuak gutun baten bidez jakinarazi diela bukatu duela iraultza zerga, ez diela enpresaburuei diru gehiagorik eskatuko.

Sarriak esan duenez, berak herenegun jaso zuen eskutitza, eta ETAk gutunean aipatzen du erabaki hori urtarrileko su-etenaren ondorioa dela. Erakunde armatuak su-eten iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria eman zuen joan den urtarrilaren 10ean.

Sarriak adierazi du berak dakienez 2010eko urritik Nafarroako enpresaburuek ez dutela ETAren diru eskaerarik jaso.

Confebaskek ohar baten bidez esan du "dudarik gabe albiste ona eta itxaropentsua" dela, baina "beharrezkoa den zuhurtzia" izateko eskatu du. "Indarkeria behin betiko bukatzeko beste pauso bat" izan beharko luke.

Miguel Lazpiur Confebaskeko lehendakariak apirilaren 7an zioen ETAk dirurik eskatu ez izanak "lasaitasuna" ematen diela. Hala, enpresariek "bakea gertuago" ikusten dutela esan zuen. "Bakea gertuago ikusten dugu, eta hori, albiste pozgarria izateaz gain, inbertsio ona litzateke Euskadirentzat", adierazi zuen Lazpiurrek.

Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko buru Eduardo Zubiaurrek ere gauza bera esan zuen aste batzuk lehenago. "Zorionez, enpresaburuok pairatu dugun indarkeria mota hau garai bateko kontua dela dirudi".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.