Gatazka konpontzeko bide gisa "Lizarra-Garaziko edukiei" heltzeko proposamena egiten du ETAk atzo plazaratu zuen agirian; hots, duela 10 urteko hitzarmenaren pareko bat ikusten du aterabide.
Hala ere, Unai Ziarreta EAko presidenteak, Aralarrek eta Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak sinesgarritasun txikia ematen diote ETAren proposamen horri, hain zuzen ere, hitzarmen eta prozesu hark porrot egitearen ardura erakunde armatuarena izan zela uste baitute, "ETAk hautsi zuelako Lizarra-Garazi".
EAko buruaren ustez, ETAren agiria "kontraesankorra da eta ez du ekarpen berririk egiten. Lizarrara itzuli behar dela esaten du baina atentatuak egiten segituko duela". Ziarretak nabarmendu du erakunde armatua "eragozpena" dela "munduan euskal gatazka normaltasunez ikus dezaten".
Harrituta geratu da Aralar agiriarekin. "Deigarria da Lizarra-Garazi bidea dela aldarrikatzea, ETAk berak hautsi zuenean Lizarra-Garazi, eta geroztik izandako esperientzia, Loiolakoa, kontrako norabidean joan baita, indar metaketa bultzatu beharrean harreman bilateralak hautatu baititu". Haren ustez, "ETA da indar metaketarako oztopo nagusia, eta ahaztu egiten du, interesatuki, Lizarra-Garazik bi oinarri zituela, indar metaketarena bata, baina bortizkeria ezarena bestea, eta bigarrena berari dagokio". Erakunde armatuak "oinazea besterik ez" duela eskaintzen dio Aralarrek.
Elorrietak gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan esan duenez, "inkoherentea" da orain ETAk hitzarmen hura aldarrikatzea. Gainera, Lizarraren ondoren Anoetako prozesua izan dela oroitarazi du Elorrietak, eta prozesu horretan, ETAk Lizarra-Garaziko eredua baztertu eta alde bakarreko negoziazioaren aldeko apostua egin zuela azpimarratu du.
Nolanahi ere, ETA Lizarra-Garaziren alde agertu edo ez, hitzarmen haren ildoko bat baliagarri dela erantsi du ELAko idazkari nagusiak.
EBk "mespretxua" agertu dio ETAri, eta Lizarra-Garaziren hausturaren "erantzule bakarra" erakundea bera izan zela uste du. "ETAk ez du inolako zilegitasunik Lizarra aldarrikatzeko, elkarrizketaren partez indarkeriaren aldeko apustua egin zuelako, eta akordioaren partez liskarraren aldeko apustua".
Miren Azkarate: "ETA, alde hemendik"
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaitzetsi egin du ETAren azkeneko agiria, eta aldegiteko mezua helarazi dio: "ETAren azken agiriko bukaerak dio 'eman hitza herriari, entzun herri honen deiadarra'. Bai, entzun dezala ETAk herri honen deiadarra: alde hemendik".
Jaurlaritzak elkartasun "osoa" azaldu die ETAren biktimei, eta erakunde armatuak "hildako asko" eragin nahi izan dituela uste du Azkaratek. Honek salatu du armekin elkarrizketa ezin dela defenditu, "eta ETA bera izan zen ezker abertzalearen ateak ixten lehena, bake prozesua apurtzea erabaki zuenean".
PSE-EEk elkartasuna bidali die ETAren jomuga izan daitezkeenei; "batik bat, Ertzaintzari, gure Poliziari". Erakunde armatuaren agiriko edukiari ez dio aipamenik egin, "oihartzunik ez emateko". Desagertzeko eskatu dio ETAri, eta honen aurka "fronte guztiak" erabiliko dituztela adierazi du.
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak ere salatu du ETA. "Nafarroa erasotzen du, eta bertako erreferente politiko, instituzional eta sozial guztiak". Nafarroako Unibertsitatearen aurkakoa izan da erakunde armatuaren azkeneko atentatua.
PPk "demokrata denen batasuna" eskatu du, eta "berriro akats politikoak" ez egiteko, EAE-ANVk eta EHAK hauteskundeetara aurkeztu izan zutela-eta.
Politika
ETAk Lizarra-Garazi aldarrikatzea ez dela sinesgarria diote EAk, Aralarrek, ELAk eta EBk
Duela hamar urteko hitzarmen hura erakunde armatuak hautsi zuela esan dute, eta honen azkeneko agiria "kontraesankorra" eta "inkoherentea" dela. ELAko buruak dio Anoetaren ildotik Lizarra-Garaziko konponbide ereduari uko egin ziola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu