Kataluniako bi egunkari horien arabera, ETAk laster emango luke menia, eta, gainera, Euskal Herriko eragileek zein Espainiako Gobernuak nahiko zehaztuta dute iragarpen horren ondoren egin beharrekoa; finean, bake eta normalizazio prozesu bat nola abiatu.
Informazio horien harira, ETAk su-etena aldarrikatzen duenerako prestatuta egotea ezinbestekoa dela adierazi du Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. "Zuhurrena da egun hori datorrenerako egoera prest izatea, ondo pentsatuta izatea ondoren zein urrats eman behar diren. Ez dadila gertatu ETAri behin betiko su-etena eman dezala eskatzen eta eskatzen aritu, eta halako batean ETAk adierazpen hori egin, eta zer egin pentsatu gabe harrapatzea", esan du Azkaratek.
Handik gutxira mezu bertsua eman du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak kazetariekin egin duen gosarian: hau da, ETAk indarkeriaren amaiera iragartzen duenerako gizarteak prestatuta egon behar duela nabarmendu du. Hala ere, zurrumurru horiek guztiak zuhurtziaz hartzeko eskatu du, eta azkenaldian itxaropen asko zapuztu direla oharrarazi du.
Radio Euskadin, berriz, Ramon Jauregi PSOEko diputatua mintzatu da gai beraren inguruan. Batetik, guztia azkarregi ote doan zalantzan jarri du Jauregik, baina, bestetik, "denek" espero dutena adierazpen horixe dela nabarmendu du. "Giroa berotzen ari da, ez dakit gehiegi, ez baitaukat hori epaitzeko modurik. Baina harrituta nago oso azkar doalako", azaldu du zalantsu, eta, gainera, oraindik zertxobait eszeptiko dela eta aukera horren inguruko kezkak dituela erantsi du. Baina esperantza horri ez dio aterik itxi nahi izan: "Itxaropena eta talde armatuak armak uztea laster erabaki dezakeela pentsarazteko sentsazioa gero eta gehiago ari da elikatzen. Hala bada, ongi-etorria izango da, ez baita ezkutatu eta isildu behar hori dela guztiok espero duguna", azpimarratu du.
Baketzea
ETAk menia ematen duenerako "prestatuta" egon behar dela esan du Jaurlaritzak
Kataluniako bi egunkarik gaur plazaratu duten informazioaren harira, ETAk menia ematen duenerako "prestatuta" egotea dela zuhurrena iritzi dio Jaurlaritzak. Lehenik Miren Azkarate bozeramaileak agertu du jarrera hori, eta, ondoren, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak. Nolanahi ere, Ibarretxek zuhurtzia eskatu du, eta itxaropen faltsuen arriskuaz oharrarazi. =l El Periodico ==http://www.elperiodico.com/=l eta =l La Vanguardia ==http://www.lavanguardia.es/=l egunkariek gaurko alean diotenez, ETAk laster emango luke su-etena, eta horren ostean aurrera egiteko prozesua ere bideratutako legoke. Ramon Jauregi PSOEko diputatua ere mintzatu da albiste horien inguruan, eta gauzak "azkarregi" ote doazen zalantza agertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu