Politika

ETAko kideen "omenaldiak" gaitzetsi ditu Eusko Legebiltzarrak

EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k sei puntuko testua adostu dute. EH Bildu abstenitu egin da, eta ongietorriak eta omenaldiak nahita nahastea leporatu dio PPri.

PPko kideak bi preso ohiri egindako harrera ekitaldiaren aurka protestatzen. JUAN HERRERO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko otsailaren 22a
19:27
Entzun

Helburu politikoak lortzeko "ETAren indarkeria erabili edo zuritu zutenei edo erakundeko kide izan zirenei egiten zaizkien omenaldi publikoak" gaitzetsi ditu Eusko Legebiltzarrak. PPren hasierako proposamen bat baztertu eta erdibideko zuzenketa adostu dute EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek. Testuak argudiatzen du ekitaldi horiek "biktimak birbiktimizatzen" dituela.

Legebiltzarrak onartu duen adierazpenak ohartarazten du "omenaldi" horiek "giza eskubideen defentsaren aurkakoak" direla eta biktimen sufrimendua areagotzen dutela. Bide batez, adierazi dute "botere publikoen lana" dela "terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen biktimak" aitortu eta erreparatzea, "irainak saihestuz eta haien birbiktimizazioa eragin dezaketen ekintzak debekatuz".

Zentzu horretan, biktima guztiak aitortu eta "terrorismo, indarkeria eta giza eskubideen urraketa oro" baztertuko duen memoria bat eraikitzea galdegin du onartutako testuak.

EH Bildu abstenitu egin da bozketan. "Biktima guztiek aitortza eta erreparazioa jasotzeko eskubidea" dutela defendatu du koalizioak, eta gaineratu du euskal presoen ongietorriek ez dutela eskubide hori urratzen. Izan ere, Julen Arzuaga legebiltzarkidearen esanetan, PPk nahita nahasten ditu ongietorriak eta omenaldiak.

Arzuagak nabarmendu duenez, euskal presoen ongietorrietan "inork ez ditu biktimak iraindu nahi". Adierazi du ekitaldi horietan ez direla "gorrotozko, mendekuzko edota bortizkeriaren aldeko mezuak" zabaltzen. Horren adierazgarri aipatu du orain arteko ongietorrietan auzitegiek inolako delitu zantzurik ez aurkitu izana. Aldiz, ekitaldi horietan bide demokratikoen aldeko apustua egiten duen "aro politiko berriari" babesa adierazten zaiola ziurtatu du.

EH Bilduren iritziz, PPren helburua Memoria eta Bizikidetza lantaldean gainontzeko alderdiek lortu duten elkarlana erasotzea izan da.

PPk biktimen aitortza eta erreparazioaz hitz egiteko zilegitasuna duenik ukatu du Arzugak, "giza eskubideen urraketa larriak" egin dituzten pertsonak indultatu, ardura postuetan kokatu eta saritu egin dituelako. Jarrera horrek biktimen duintasuna kaltetzen duela salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.