Atxiloketak

ETAkoak izatea egotzi diete Guardia Zibilak atxilotutako lau lagunei

Fernando Grande-Marlaska epaileak agindutako polizia operazioan atxilo hartutakoak «aurrez fitxatu gabe zeuden»Atxilotuen abokatuek 'habeas corpusa' eskatu diote Auzitegi Nazionaleko epaileari

Guardia zibileko kide batzuk, atzo, polizia operazioan miatutako Bilboko etxebizitza batetik irteteko unean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak lau lagun atxilotu zituen atzo goizaldean Bilbon eta Galdakaon, eta ETAko kide izatea leporatu diete, espainiar berri agentziek esan zutenez. Daniel Pastor, Lorena Lopez, Beatriz Etxebarria eta Iñigo Zapirain dira atxilotutako lau lagunak.

Polizia operazioa Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak agindu zuen. Atzo goizeko lauak aldera hasi zen. Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria Bilboko Alde Zaharrean atxilotu zituzten; Lorena Lopez Bizkaiko hiriburuko Errekalde auzoan eta Daniel Pastor Galdakaon, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak atzo zabaldu zuen informazioaren arabera.

Galdakaoko polizia operazioan, AAMk informatu zuenez, Guardia Zibilak lehergailu bat erabili zuen Pastor eta bere gurasoak zeuden etxera sartzeko. Sartu eta gero, atxilotutakoaren gurasoak lurrean eduki zituzten ahospez, metrailetekin apuntatzen zituztela. Geroago, berriz, kaleko arropak jantzarazi eta kalera irtenarazi zituzten biak, guardia zibilak Pastorrekin etxebizitzan geratu ziren bitartean.

Errekalde auzoko operazioan ere lehergailuak erabili zituzten guardia zibilek, Lorena Lopez bizi den etxean sartzeko. Lopez bakarrik zegoen guardia zibilak etxean sartu zitzaizkionean.

Inkomunikatuta

Lau atxilotuak inkomunikatu egin dituzte, eta haien abokatuek habeas corpusa eskatu zuten, berehala epaileen aurrera eraman ditzaten. Era berean, inkomunikazio aldian atxilotuak torturatuak izan ez daitezen neurriak hartzeko ere eskatu diote Grande-Marlaska epaileari; besteak beste, eskatu dute haien familiei atxilotuak aldioro nola eta non diren informa diezaietela. Konfiantzazko mediku baten bisita jaso dezatela eta atxiloaldi guztia bideoz grabatu dezatela ere eskatu dute abokatuek.

Grande-Marlaska epaileak orain arteko habeas corpus eta torturak eragozteko neurrien eskakizunak ez ditu aintzat hartu izan.

«Legalak»

Espainiako berri agentziek, lehenbizi, eta hedabide gehienek, geroago, aipatutako polizi iturrien arabera, lau atxilotuak ETAko kideak lirateke, «komando legal bat» osatzea leporatzen diete —poliziak fitxatu gabekoak—, eta, zehazki, 2009. urteko ekainaren 19an Espainiako Poliziako inspektore buru Eduardo Puelles hil zuen atentatuaren egileak direla esan dute. Berri agentzien arabera, Burgosen eta Kantabrian (Espainia) ETAk egindako hainbat atentaturekin ere lotu dituzte polizia iturriek.

Berri agentzi espainiarrek aipatutako polizi iturriak ez bezala, ordea, zuhurtziaz mintzatu zen atzo Espainiako lehendakariorde eta Barne ministro Alfredo Perez Rubalcaba. Hedabideek behin eta berriro galdetu zioten arren, Rubalcabak ez zituen zehaztu nahi izan atxilotuei leporatzen dizkieten akusazioak: «Ez dut aukera bat ere baztertzen, baina oraindik ez dugu daturik horiek baieztatzeko». Lauak «Bizkaian eta inguruetan azken urteetan egin diren atentatuekin» harremanetan jarri dituztela esan zuen, eta Guardia Zibila «egunotan» argitzen ahaleginduko dela «komando honek zerikusirik baduen atentatu horiekin».

Barne ministroak baieztatu egin zuen, atxiloketen ostean Guardia Zibilak hainbat etxe eta etxabetan egindako miaketetan lehergaiak eta lehergailuak egiteko materiala aurkitu dutela. Berri agentziek aipatutako polizi iturrien arabera, lehergaiak Galdakaoko etxabe batean aurkitu zituzten. Zehazki, iturri horiek azaldu zutenez, berrehun kilo lehergai atzeman dituzte Galdakaoko etxabe horretan.

Lehergaiez, lehergailuak egiteko materialez eta beste hainbat gauzez gain, arma batzuk ere aurkitu ei dituzte guardia zibilek miaketetan. Arma horiek atentaturen bat egiteko erabilidiren aztertzeari ekingo diotela esan zuten.

«Garrantzi handiko ikerketa baten hastapenetan gaude», adierazi zuen Rubalcabak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.