Imanol Murua Uria
ETArekin berriro elkarrizketatzeari uko eginez eta ETAren aurkako borrokan Espainiako Kongresuko indar politiko guztiekin ados jartzen saiatzeko asmoz abiatuko du Jose Luis Rodriguez Zapaterok bere bigarren agintaldia, PSOEko bozeramaile nagusiek atzo, inbestidura saioa hasi bezperan, adierazi zutenez.
Inbestidura saioko gaurko hitzaldian Rodriguez Zapaterok zer esango duen aurreratzeari uko egin zioten Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak eta Jose Antonio Alonso PSOEko talde parlamentarioaren bozeramaile berriak, baina biek ziurtatu zuten, norbere aldetik, ETArekin elkarrizketatzeko aukera guztiz baztertua dutela eta, oinarri horrekin, ETAren aurkako borrokan «alderdi demokratiko guztiekin» ados jartzen ahaleginduko direla.
Blancok gehiago esan zuen: 2005eko maiatzean Espainiako Kongresuan onartutako ebazpena, Gobernuari ETArekin elkarrizketatzeko baimena ematen ziona, «de facto» indargabetuta gelditu dela, ebazpen hura onartu zuen Kongresua desegina dagoelako, joan den legealdiaren bukaerarekin.
El País egunkariak, hain zuzen ere, atzo argitaratu zuen ETArekin elkarrizketatzeko aukerari uko egiten dion ituna proposatuko diela Rodriguez Zapaterok alderdi politikoei. Informazio horren arabera, ituna ez litzateke testu idatzi batean gauzatuko, bere garaian Ajuria Eneko Hitzarmenarekin eta PP eta PSOEren arteko Estatu Itunarekin bezala, baizik eta ETAren aurkako borrokan ados jartzeko konpromisoan. Albiste horri buruz galdetu ziotenean adierazi zuen Alonso bozeramaileak, irrati elkarrizketa batean, ETArekin berriro hitz egitea «erabat» baztertua duela PSOEk.
PSOEren zuzendaritza federalak gaurko inbestidura saioa prestatzeko bilera egin ondotik eman zuen mezu berbera Jose Blancok. PSOEko Antolakuntza idazkariaren arabera, helburua ez da izango iraganeko itunak berritzea, baizik eta ETAren aurkako borrokan «denok elkarrekin» aritzeko konpromiso «zalantzarik gabea» hartzea.
Blancoren azalpenaren arabera, «Estatu auzietan» ados jartzen saiatuko da PSOE alderdi guztiekin, baina «bereziki» PPrekin. Ildo horretan, «Estatuaren interesari» dagozkion gaietan PPrekin «harreman positiboa» izateko esperantza agertu zuen. PSOEk «indar demokratikoekin» akordioa beti egin duela esan zuen, eta aurrerantzean ere «bazterketarik gabe» ados jartzen saiatuko dela, jakinik «ETArekin berriro elkarrizketatzeko aukerarik ez dagoela».
Hain zuzen, PPko iturriek Efe agentziari adierazi diotenez, Mariano Raxoi PPko presidenteak ere Estatu itunak egiteko esango dio Rodriguez Zapaterori gaurko hitzaldian, besteak beste, ETAren aurkako borrokaren eta lurralde politikaren arloetan.
GEHIENGO SINPLEA. Rodriguez Zapaterok bigarren bozketa beharko du aste honetan, bigarren aldiz Espainiako Gobernuko lehendakari bihurtzeko, EAJk ustekabea ematen ez badu behintzat. Izan ere, EAJko sei diputatuek izango dute giltza lehen bozketa honetan: PSOEk 169 diputatu ditu eta, BNGko biek eta CCko beste biek baiezkoa emango balute ere, gehiengo osoa ematen duen 176ko kopurua gainditzeko EAJren botoak beharko lituzke PSOEren hautagaiak, gainerako guztiek baztertuta baitaukate sostengua ematea.
Lehenengo bozketan gehiengo osoa lortzeko ahalegin berezirik ez du egin PSOEk. Kongresuko beste taldeetako bozeramaileek esan dutenez, baiezko botoa ematea eskatu ere ez diete egin buruzagi sozialistek, inbestidura aurreko bileratan. Atzo bertan, Rodriguez Zapatero gehiengo osorik gabe eta bigarren bozketan aukeratua izatea «bigarren mailako» kontua dela esan zuen Alonsok.
Espainian monarkia parlamentarioa abiatu zenetik, behin baino ez dute aukeratu gobernuburua bigarren bozketan -Leopoldo Calvo Sotelo, 1982an-, eta inoiz ez gehiengo osorik gabe -bigarren bozketa hartan gehiengo absolutua lortu baitzuen-.
ETArekin berriro elkarrizketatzeari uko eginez hasiko du Zapaterok bigarren agintaldia
12:00etan abiatuko da Espainiako Kongresuan inbestidura saioa. Hala ere, ziurrenera ostiralera arte ez dute Zapatero gobernuburu hautatuko, ez baitauka lehen itzulian aukeratua izateko behar adina babes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu