ETArekin ez duela negoziatuko agindu die Barne ministroak biktimei

Jorge Fernandez Diazek dio indarkeriaren amaieran «garaileak» eta «garaituak» egon behar direla

Erredakzioa
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
ETArekin ez duela «sekula» negoziatuko hitzeman die Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak biktimei. Zuzenbide estatuak «irabazi» egin dio erakunde armatuari, eta Espainiako gizarteak ez dio «ezer zor» ETAri, haren esanetan. «ETAk jakin behar du gobernuak ez duela inoiz negoziatuko berarekin, ezta beraren presoekin ere, ez baitago zer negoziatu». ETAri desegiteko exijitu dioBarne ministroak, atzera, eta hori lortu arte estatuak ez duela etsiko ohartarazi dio: «Estatuak gupidagabe arituko da ETA desegin arte».

Mezu hori bidali nahi izan die Fernandez Diezek biktimei, Bartzelonan. Hipercorren atentatuaren urtemugaren karietara, Espainiako biktima guztiei egin die omenaldia Espainiako Gobernuak, goizean. Merkataritza guneko atentatuan hildako hamazazpi biktimari domina bana eman die eta bestelako atentatuetan zendutako beste berrogeiri ere omenaldia egin die. Estatua ETAren biktimen sufrimendua aitortzen «berandu» iritsi dela aitortu du Fernandez Diazek biktima horien senideen aurrean.

Biktimen memoriari eusteko deia egin du Fernandez Diazek bere hitzaldian. Haren ustez, gizarteak ez du sekula ahaztuko biktimek utzitako «lekukotza etikoa eta morala», ezta erakutsitako «duintasuna» ere.ETAk azken berrogei urteotan eragindako samina gogora ekarri du, eta «terrorismoaren»amaiera aldarrikatu du, baina baldintza batekin:«Garaileak eta garaituak egon behar dira».

Haren arabera, joan den urriaren 20an ETAk jarduera armatua eten zuenean Zuzenbide Estatua, demokrazia eta askatasuna «garaile» atera ziren, eta «hiltzaileak eta terroristak», berriz, «garaituak» izan ziren.Baztertu egin du, hortaz, ETAk hartutako erabakiaren atzeanarrazoi etiko edo moralak daudenik, edota urrats hori «demokrazian» sartzeko egin zenik. Haatik, ETAk indarkeria laga badu, poliziaren lanaren emaitza izan dela dio.

Konstituzioaren balioa

Antonio Basagoti EAEko PPko presidenteak Hipercor-eko atentatua eta Eduardo Puellespolizia-inspektorearen hilketaren urtemugak gogoan izan ditu, bere blogean idatzitako iritzi artikulu batean. «ETAren ibilbide hiltzailearen erakusle» dira Bartzelonako biktimak eta Puelles bera, Basagoitiren aburuz. Biktima ororen memoria aldarrikatzeko erarik onena Zuzenbide Estatuaren eta erakundeen balioa azpimarratzea dela adierazi du, halaber. «Espainia demokratikoa eta Euskal Herri plurala indartu behar ditugu demokratok, horiek desagerrarazten saiatu zelako ETA, bonben bitartez».

Basagoitiren hitzetan, indarkeriaren deslegitimazioa lortzeko modu bakarra independentziaren bidea ixtea eta Espainiako Konstituzioa balioestea da. «ETA gero eta ahulago dago, eta orain demokratei gelditzen zaiguna haren historia eta helburuei zilegitasuna kentzea da», nabarmendu du Antonio Basagoitik, blogean idatzitako testuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.