Espainiako eta Frantziako estatuek ETArekin elkarrizketa abiatu behar dute, ezker abertzalearen iritzian. Elkarrizketa hasi behar da «gatazka politikoa behin betiko gainditzeko eta haren ondorioak bideratzeko». Ondorioen artean kokatzen ditu: preso eta iheslarien etxeratzea, desmilitarizazioa eta ETA erakundearen desarmatzea. «Normalizazio politikoan eta demokratikoan aurrera egiteko», PPri pausoak emateko eskatu dio ezker abertzaleak; batetik, eragile politiko guztiak legeztatzeko; eta, bestetik, euskal preso politikoen eskubide guztien errespetuan oinarritutako neurriak hartzeko.
Atzo, urtarrilak 10, urtebete bete zen ETAk su-eten orokorra, iraunkorra eta egiaztagarria iragarri zuela. Urteurren egunean, ezker abertzaleak testuinguru politikoaren hausnarketa plazaratu zuen atzo eguerdian, Donostiako San Sebastian hotelean eman zuten prentsaurrekoan; Maribi Ugarteburuk eta Niko Morenok hitz egin zuten ezker abertzalearen izenean.
Ezker abertzaleak PPri dei egin dio «arduraz eta momentuak eskatzen duen mailan» jarduteko: «Immobilismoaren lubakia utzi behar du PPk, eta euskal jendartearen aldarrikapen demokratikoak entzun». Ezker abertzalearen ustez, Mariano Raxoi buru duen Espainiako Gobernuak «bere egin behar ditu» Gernikako eta Aieteko adierazpenak, eta «konponbidearen aldeko eragile bihurtu behar du». Ezker abertzaleak esan du «konpromisoarekin» lan politikoa egiten jarraituko duela, bake «justua» eta demokrazia lortzeko. «Hau ez dago gelditzerik, eta ezker abertzalea ez da geldituko».
Morenoren arabera, Euskal Herria «aukera historiko» batean dago, gatazka politikoa bere osotasunean konpontzeko. Bide horretan, azken hamabi hilabeteetan egin diren hainbat saio nabarmendu ditu: Gernikako eta Bruselako adierazpenei erantzunez ETAk urtarrilean iragarri zuen su-etena, Donostian egin zen nazioarteko konferentzia eta jarduera armatua behin betiko uzteko ETAren erabakia. Ezker abertzaleak dioenez, ekimen horiek bidea eman diote gatazka politikoa konpontzeko baldintzak jarriak dauden egoera politiko bati. Izan ere, Euskal Herriak «oinarri politikoa duen gatazka bat» pairatzen jarraitzen duela uste dute. Oinarri politikoa du «Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herriaren aitortza eta erabakitze eskubidea ukatzen dutelako». Morenok esan du «korapilo historiko horiek» kultura politiko guztien elkarrizketa politikoaren bidez askatu behar direla. «Guztiok parte hartuz lortuko dugu proiektu guztiak bete ahal izango diren jokaleku bat».
Nazioartea erreferentzia
Konponbidea lortzeko gatazkari sustraietatik heldu behar zaiola esan dute Morenok eta Ugarteburuk. Nazioartean jada onartu diren eskubide demokratikoak «aske eta normal» gauzatu ahal izatea planteatzen du ezker abertzaleak. Eta adierazi du Espainiako eta Frantziako gobernuek erreferentzia gisa hartu behar dutela Eskoziaren eta Britainia Handiaren artean autodeterminazio erreferenduma dela-eta sortu den eztabaida.
Horrez gain, ezinbestekotzat jo dute euskal presoei ezartzen zaizkien «salbuespen neurriak» bertan behera uztea. Bilboko mobilizazioa egoera politikoaren adierazle «argitzat» jo du ezker abertzaleak: «Gehiengo sozial zabal batek eskubideen eta demokraziaren alde egin zuen».
ETArekin hizketan hasteko dei egin die ezker abertzaleak gobernuei
Ezker abertzaleak dio «immobilismoaren lubakia» utzi behar duela PPk, eta euskal gizartearen aldarrikapenak entzunGernikako eta Aieteko adierazpenak «bere» egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu