EAE-ANVko hautetsien kontrako ekimenak bultzatuko ditu EAJk. Hala ziurtatu du Iñigo Urkullu EBBko presidenteak Europa Press albiste agentziari eman dion elkarrizketan batean. EAJko buruzagitzak ETAren azken agiria gaitzesteko eskatu zien ANVko hautetsiei joan den asteartean, eta gaitzetsi ezean, haien kontra egingo zutela iragarri zuten.
Gaur etorri da soka horretako bigarren iragarpena: agiria gaitzetsi ez dutenez, ANVKo hautetsiei dimisioa emateko eskatzen dien mozioak aurkeztuko dituzte jeltzaleek. Bide horretatik alkate eta zinegotzi horiek kargutik kentzea lortzen ez badute, beste alderdiekin biltzen hasiko direla jakinarazi du Urkulluk, zentsura mozioak edo beste bide batzuk aztertzeko. Nolanahi ere, "era gradualean" egin nahi du EAJk ANVKo hautetsien kontra, "pilota ANVren beraren teilatuan uzteko".
ANVren kontrako neurriak hartzeko prest zeudela iragarri bezperan, PSE-EEk Arrasateko alkatearen, EAE-ANVko Ino Galparsororen, kontra bultzatutako zentsura mozioarekin bat egiteari uko egin zion EAJk; ekimen horrek ez zuela "normalizazio politikoa" laguntzen argudiatu zuen Joseba Egibar GBBko buruak. Erabaki horren ondorioz, kritika gogorra jaso zituzten jeltzaleek, batik bat, sozialistengandik, eta hainbat komunikabidetatik.
Ildo horretatik, Arrasateko zentsura mozioari buruzko erabakia ez zela EBB Euzkadi Buru Batzarrean hartu nabarmendu du Urkulluk, eta auzi horren harira beren alderdia jasaten ari den "jipoia" salatu du.PSE-EEk ETAren aurkako borroka Arrasatera murriztu nahi duela iradoki du, eta hori baino ikuspegi zabalagoz jokatzeko eskatu dio.
Martxoaren 7an Arrasateko Udalean zinegotzi izandako Isaias Carrasco PSE-EEKo kidea hil zuen ETAK tiroka. Hilketa ez zuela gaitzetsi argudiatuta bultzatu nahi izan dute sozialistek ANVKo alkatearen kontrako zentsura mozioa.
ETAren agiria gaitzetsi ez dutenez, dimisioa emateko eskatuko die EAJk ANVko hautetsiei
Arrasateko zentsura mozioa ez babesteko erabakia ez zuela EBBk hartu nabarmendu du Iñigo Urkullu jeltzaleen presidenteak. Nolanahi ere, ETAren aurkako borroka Arrasatera murriztu nahi izatea egotzi die beste alderdiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu