ETAren agiri bat baino gehiago ezker abertzalearen «egintzak» espero dituela esan zuen atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek, Espainiako telebista publikoari eskainitako elkarrizketa batean: «Azken hilabeteotan diskurtso eta adierazpen ugari entzuten ari gara, Gernikako Akordiokoaren gisakoak, politikaren bidetik abiatu eta indarkeriatik behin betiko aldendu nahi dutela diotenak, baina lehen ere izan dira adierazpen eta hitz politak eta beti etsipenean amaitu dira, ETAk gure itxaropenak behin eta berriro hautsi dituelako». Horregatik, Lopezek esan zuenez, «egintzak» nahi ditu orain, «demokraziaren bidean egiten hasi direla dioten urrats horiek egiazkoak direla erakutsiko dutenak».
Ezker abertzaleak urtarrilean alderdi berri baten estatutuak aurkeztuko dituela eta, EAEko lehendakariak esan zuen «oxala» Alderdien Legea onartuko balute, «hitzez hitz dioena onartuko balute», legedi horrek «indarkeria errefusatzera eta handik aldentzera behartzen duelako» eta «talde terrorista bati lotzen zaion zilbor-hestea etetera».
Alderdien Legea betetzea, Lopezen esanetan, ez da «leihatila batean estatutu batzuk aurkeztea» soilik; «borondate bat, jarrera bat eta egintza batzuk biltzen ditu, estatutu horiek aurkezten dituena egiazko alderdi demokratikoa dela ziurtatzeko». Ezker abertzaleari, EAEkolehendakariaren arabera, «ez zaio beste alderdiei eskatzen ez zaien ezer gehiago exijituko. Beteko dutela espero dut. Ez da berrogeialdia ezarri behar zaion edo ez eztabaidatzeko unea, ezker abertzaleak baduela dioen borondate hori egintzez frogatzekoa baizik». Ezker abertzaleak indarkeriarekin dituen «loturak» haustea, «demokraziaren printzipioak» bere egitea eta politika egiteko, hauteskundeetan lehiatzeko edo erakunde publikoetan parte hartzeko «hitza baino ez erabiltzea» lirateke eskakizunak, Lopezen arabera.
Ezker abertzaleak hori egin dezan nahiko lukeela esan zuen Lopezek, «funtsezko mugarria litzatekeelako esan dezagun baiki indarkeriaren amaieran gaudela eta bakea eta askatasuna gertu daudela, gutxienez, ikusmenean».
Epaileen esku
PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastor ere mintzatu zen atzo ezker abertzaleaz.Haren esanetan, ezker abertzaleak alderdi berri bat osatzen badu «Justiziak erabakiko du hura legeztatzen duen edo ez», eta «alderdi guztiek» errespetatu egin beharko dute epaia. «Egia bada», azaldu zuen Pastorrek,«estatutu aratzak, biribilak aurkeztuko dituela eta estatutuok Alderdien Legea zehatz beteko dutela eta egia bada atzera bueltarik gabeko erabakia dela, aldebakarrekoa, erran nahi baita ETAtik edo ETAren aginduetatik bereizten hasi nahi dutela, Justizia auzitegiek ebatzi beharko dute legeak ezartzen dituen baldintza demokratiko guztiak betetzen dituzten edo ez».
Pastorrek aitortu zuen egoera politikoaz PPk ikuspegi «kontserbadoreagoa» duela sozialistek baino, «mesfidatiagoa», EAEko eta Espainiako popularren artean aldeak badaudela onartu arren. «Bi alderdiok ikuspegi bateratu garrantzitsua dugu Euskadin», gaineratu zuen Pastorrek,«baina ez erabatekoa».
ETAren agiririk ez, ezker abertzalearen «egintzak» espero dituela dio Lopezek
Alderdien Legea betetzeko «estatutu demokratikoak» izatea ez dela aski esan du EAEko lehendakariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu