politika

"ETAren amaieran" Nafarroak "hitza" izango duela ziurtatu dio Raxoik Barcinari

Espainiako presidenteak eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak bilera egin dute, Moncloan. Barcinak dio beharrezkoa dela ETAk "beste pauso batzuk" ematea. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua ere bildu dira gaur.

2012ko otsailaren 29a
17:05
Entzun

Nafarroak "hitza" izango du "ETAren amaierarekin zerikusia duen guztian". Hala ziurtatu dio Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariari, gaur eguerdian Moncloan egindako bileran.

Barcinak azaldu du "Espainiako Gobernuak eta haren segurtasun indarrek" lortu dutela ETAren jardun armatuaren bukaera, baina ohartarazi du beharrezkoa dela ETAk "beste pauso batzuk" ematea. "Armak utzi behar dituzte", esan du. Legeak bete daitezen gobernuarekin "zuzeneko harremanetan" egongo direla gaineratu du.

Azken hilabete eta erdian Raxoik Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia eta Nicolas Sarkozy Frantziako Gobernuko presidentea hartu ditu.

Fernandez Diaz eta Ares ere batzartu dira gaur

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua ere batzartu dira gaur, Madrilen, Ministerioak jakinarazi duenez. "ETA desagertzeko" bi gobernuen lanak koordinatzeko asmoz batu dira, "eta bakea, askatasuna eta bizikidetza egonkortzeko". "Orain helburu nagusia ETAk, ordainik jaso gabe, behin betiko desegiteko erabakia hartzea da", esan du Barne Ministerioak ohar batean.

Urtarrilaren 25an ere elkartu ziren Fernandez Diaz eta Ares, Leioan.

Barcina eta Raxoi egoera ekonomikoaz ere mintzatu dira

"ETAren amaieraz" ez ezik, egoera ekonomikoaren inguruan denbora luzez aritu direla azaldu du Nafarroako lehendakariak. Defizita "gehien" murriztu dutenen artean egoteagatik zoriondu du Raxoik. Hala ere, Barcinak azaldu dio Nafarroa ez dagoela ados Espainiako Gobernuak jarri dion defizit tasarekin, eta konponbide bat lortzea espero du.

Gainera, Barcinak onartu du Raxoi "arduratuta" dagoela defizitaren inguruan. "Espainia irabazten duena baino gehiago gastatzen ari da", esan du Barcinak.

Horrez gain, energia berriztagarrien inguruko ikerketari eutsiko diola baieztatu dio Raxoik. Konpromiso hori lortzea espero zuen lehendakariak gaurko bileraren aurretik; haren ustez, "Nafarroako eta Espainiako garapenerako funtsezkoa den sektore bat ezin da kolpez geratu". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.