ETAk Gernikako Akordioa eta Bruselako Adierazpena aintzat hartu eta su-eten iraunkorra eta egiaztagarria ematea espero du Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak. Erakunde armatuak behingoz adierazpena kaleratzea eta indarkeriaren aroa «behin-betiko ixtea» nahi du, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez. Haatik, ETAk erabaki hori «gehiegi atzeratuko» balu, eta Gernikako Akordioak zein Bruselako Adierazpenak egiten dizkien eskariei muzin egingo balie, gizartean «etsipen handia» eragingo lukeela iritzi dio Garaikoetxeak.
Indarkeriaren zikloa betirako ixteko esperantza agertu du lehendakari ohiak, eta bere alderdiak horren aldeko apustu irmoa egiten duela azpimarratu du. «Hori argi eta garbi daukat, baita Eusko Alkartasunak ere, nahiz eta horregatik zeharkako mehatxuak eta lintxamendu politikoa jasan dugun», erantsi du.
Nolanahi ere, kezkatuta agertu da azken egunotan ETAren ustezko jardueraren inguruan zabaldu diren informazioekin. Hala, astearte gauean ustez hainbat etakidek Frantziako erdialdeko enpresa batean egindako lapurreta eta azken hilabeteotan izan diren hainbat kale erasori buruzko albisteak «etsigarriak» direla uste du. Edozein modutan, ustezko kale erasoak zalantzan jartzeko arrazoiak egon badaudela esan du Garaikoetxeak, eta iradoki du ekintza horien atzean «agente probokatzaileren bat» egon daitekeela. «Kontuz ibili beharra dago, naziek Reichstag erre zutenean ere komunistei bota zietelako errua», esan du.
Bestalde, ETAren ustezko lapurreten inguruan adierazi du «ikuspuntu dialektiko» batetik kontuan hartu behar dela «50 urteko ziklo aldaketa batean, ekintza armatuak uzteko egiaztapena egiteko dagoenean eta espetxeetan dauden egoerak daudenean, ez dela harritzekoa su-etenaren adierazpena horrenbeste atzeratzea». Hortaz, egungo egoera politikoa ulertzeko, ETAko kideen tokian jarri beharra dagoela adierazi du: «Dokumentaziorik gabedaudenen eta dokumentazioa izan nahi dutenen tokian jarri behar dugu, egungo egoeraren azterketa logikoa izateko». Hortaz, azken egunetako gertaerek «gaitzesgarriak» izanda ere ez dutela zertan «inor harritu» gaineratu du lehendakari ohiak.
NaBairen apustua
Ezker abertzaleak Nafarroako EAri eta Aralarri koalizioa osatzeko egindako proposamenaz adierazi du NaBaik aukera eman beharko lukeela. Hala, NaBai-ren apustuari eusteko deia egin du Garaikoetxeak: «NaBai ezin da desegin, Nafarroan garrantzi handiko fenomenoa delako, eta sustatu beharra dago». Haren iritziz, ezinbestekoa da ezker abertzaleak datozen bozetan parte hartzeko aukera izatea.
ETAren aroa «behin betiko» ixtea nahi du Garaikoetxeak
Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak dio «etsigarria» litzatekeela su-etenaren agiria «gehiegi atzeratzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu