«ETAren aroa ixteko» ekinaldi gehiago iragarri ditu Lopezek

Bake bidean aurrerapausoak emateko «foroak eta formulak» adostea proposatuko die lehendakariak legebiltzar taldeeiEusko Legebiltzarrean agerraldia eskatu du Lopezek, neurrien berri emateko

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Patxi Lopez lehendakariak ekinaldi gehiago aurkeztuko ditu ETAren jardun armatuaren ondoren irekitako aroan aurrera egiteko. Joan den irailean Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan aurkeztu zuen dekalogoa «eguneratu eta sakonduko» dute ekinaldi horiek, eta«indarkeriaren aroa behin betiko ixteko» eta «memoria eta elkarbizitza sendotzeko» balio izango dute, lehendakariak iragarri duenez. Lopezek irailean aurkezturiko dekalogoak, besteak beste,«adiskidetasunerako akordio handi bat» lortzea eta biktimen memorian oinarritutako etorkizun bat eraikitzea proposatzen zuen. Lehendakariak aurki bake bidean aurrerapausoak emateko ekinaldi gehiago aurkeztuko ditu Eusko Legebiltzarrean, eta legebiltzar talde guztiak ados jartzea nahi du horiek aurrera eramateko.

Ekinaldien inguruko xehetasun handirik aurreratu gabe, landu nahi duen ibilbide orriaren zertzelada batzuk eman ditu lehendakariak Legebiltzarreko kontrol saioan. Azaldu duenez, zabaldu den aro hau «elkarrekin» egin behar da, «borondateak eta ahaleginak batuz». Joan den asteartean Espainiako Kongresuan PPk, PSOEk, CIUk eta EAJk adostutako testua eredutzat jarri du lehendakariak: «Akordio horioso positiboa izan da, erakusten duelako batasuna aro berriaren gidari izan ahal dela eta izan behar duela».

Hala ere, lehendakariak iritzi dio akordio horrek Kongresutik harago joan beharko lukeela eta bide propioa egin beharko lukeela euskal alderdien artean: «Hemen, Euskadin, bide berean egin behar ditugu urratsak, bidea elkarrekin eginez». Hala, egungo aro honetan aurrerapausoak emateko bidea egin dezaketen «foroak eta formulak» definitu eta aztertu nahi ditu lehendakariak, eta, horretarako, alderdi guztien babesa eskatuko du Eusko Legebiltzarrean.

Ekinaldien berri emateko agerraldia atzo bertan eskatu zuen Lopezek Legebiltzarrean. Mahaiak datorren asteartean aztertuko du eskaera, eta, ondoren, Bozeramaileen Batzordeak erabakiko du lehendakariak noiz egingo duen agerraldia.

Legebiltzarreko kontrol saioan UPDk egindako galdera baten harira iragarri du lehendakariak bake bidean aurrera egiteko asmoa duela. Hain justu ere, joan den igandean Gara egunkariak argitaratutako elkarrizketan lehendakariak esan zuen euskal gizarteak ez duela ulertzen Arnaldo Otegi espetxean egotea, eta UPDri «oker larria» iruditu zaio adierazpen horiek egitea. Erantzunaren txandan, lehendakariak UPDri egotzi dio «bakarrik» geratzea eta ETAren aroaren itxieran eta bizikidetza demokratikoaren sendotzean gainerako alderdiekin lan egiteari uko egitea. «Zuen arazoa da populismo oker bat egiten duzuela, terrorismoaren zikloari amaiera emateko euskal gizartean piztu den itxaropenari lagundu beharrean».

PPri ere kritikak egin dizkio lehendakariak, eta eskatu dio aro berri honi «harresirik» ez jartzeko eta «aterik ez ixteko». Euskal gizartearen aniztasuna aldarrikatu du, eta elkarbizitza eraikitzeko, ezinbestekotzat jo du alde bateko zein besteko identitateak batzea: «Zenbat eta pertsona gehiago sartu sistema demokratikoan, orduan eta handiagoa izango da demokraton garaipena».

Hauteskundeak iragarri

Lehendakariak iragarritako urratsei errezeloz begiratu die Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak. Uste du ezker abertzalea ere kontuan hartu behar dela bake bidea egiteko, eta, beraz, Eusko Legebiltzarra desegin beharko lukeela lehendakariak, ezker abertzaleak bertan parte har dezan. «Jaurlaritzak pausoak eman nahi baditu, hauteskunde autonomikoak iragarri eta ezker abertzaleari hautagaitza izateko bidea eman beharko lioke, Eusko Legebiltzarrean indar politiko guztiek isla izan dezaten». Urkulluk azaldu duenez, Legebiltzarra baldin bada «gatazka politikoaren konponbidea» eztabaidatzeko foroa, bertan ezker abertzalearen ordezkaritza bat egon behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.