Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusi hautatu berriak bilera eskatuko dio Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari. Alderdiko buru gisa egingo dituen lehen gauzetakoa izango dela iragarri du, eta Raxoiri zer esango dion ere argi duela. Rubalcabak azaldu duenez, oposizio lana nola bideratuko duen azalduko dio Raxoiri, eta krisi ekonomikoari aurre egiteko «eskubideak murrizten baditu» PPri aurre egingo diola esango dio. Raxoi zertan lagun dezakeen ere argitu du Rubalcabak: ETAren aurkako borrokan «erabateko babesa» eskainiko dio, «indarkeria amaitu den arren ETA ez delako desagertu». «Terrorismoaren aurkako politikan laguntzaile leiala izango naiz». Azaldu du gaiaren inguruan egingo dituen adierazpen publikoak neurtu egingo dituela eta ez duela PPren mezuen aurka egingo.
Gipuzkoakoen bultzada
PSEren Gipuzkoako taldeak adierazi duenez, ordea, PSOEk Euskal Herriko egoera berria aintzat hartuta jardutea onartu zuen asteburuan Sevillan egindako batzarrean. Gipuzkoarrek txosten politikoari egindako zuzenketak onartuta, «Euskadiko bake eta elkarbizitzarako prozesuan inplikatzea» adostu zuten.
Gipuzkoako sozialisten taldeak azaldu duenez, «kezkatuta» joan ziren batzarrera, PSOEren txostenak ez zuelako aipatu ere egiten ETAk jardun armatua utzi ondoren sortutako egoera berria. Baina gaiari buruzko zuzenketak aurkeztu eta horien inguruan Sevillan bertan egindako «lanaren» ondorioz, PSOEk «Euskadiko bakegintzari dagokionean euskal sozialisten eskaerekin sentibera» aritzea onartu zuen. Taldeko kideek ohar batean azaldu dutenez, PPri espetxe politika alda dezala eska diezaion «konbentzitu» du PSE-EEk PSOE, besteak beste: «Raxoiri eskatu diezaiola ETAren indarkeria gabeko egoeranaktibo izan dadila», eta, «espetxe politikan malgutasuna eskatu diezaiola» Raxoiri. Zehazkiago, «PPko gobernuari legearekin bat datorren eta lehendakariak aldarrikatzen duen espetxe politika ezarri dezala eskatzea» onartu du PSOEren batzarrak.
ETAren aurka babesa emango dio Rubalcabak Raxoiri
PSEren eskariz, PPko gobernuari espetxe politika malgutu dezala eskatzea onartu zuen PSOEren batzarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu