ETAk ekintzen etetea iragarri zuenetik urtea bete den egunean, Espainiako eta Frantziako Barne ministroek bilera egin dute Parisen. Orain arte bezala, ETAren aurka elkarlanean aritzea adostu dute biek, Antonio Camacho eta Claude Gueant ministroek bileraren ondoren adierazi dutenez: «ETA euskal erakunde separatistaren aurkako borrokan jarraitzeko determinazioa dugu», esan du Frantziakoak. Erakundearen aurkako operazio zehatzei buruz aritu direla ere jakinarazi du, eta iaz Frantziako Poliziak 138 pertsona ETArekin lotura zutelakoan atxilotu zituela gogoratu. Aurten, 59 atxiki dituela. «Frantziak eta Espainiak elkarlanean jarraituko dute erokeria hau amaitzeko», esan du Camachok.
ETA behin betiko amaitzeko aukera zaildu dezakeen arrisku bat azalarazi du Iñigo Urkullu EAJko buruak: «ETAn zatiketak egoteko arriskua dago». «ETA ahul dagoela eta horniketa arazoak dituela irakurtzen ari garen egunotan, zatiketa arriskua ez da amaitu». Halako mezuetan sakontzeak ez duela onik egiten iradoki du, gainera. «Planteamendu arriskutsuak dira armak erabilita helburu batzuk lor ditzaketela uste dutenentzat edo honek ez duela zentzurik oraindik ondorioztatu ez dutenentzat».
Ezker abertzaleari mintzatu zaio horren inguruan: «Bere denbora amaitu dela esan behar dio ETAri, behin betiko amaiera iragarri behar duela ikusarazi». Ez dela «kondenarik» eskatzen ari zehaztu du, hala ere, EAJko buruak: «Esan nahi diet ez garela ari ez kondenaz, ez desegiteaz, ez Euskal Nazio Askapenerako Mugimendutik desagertzeaz, behin betiko amaitzeaz baizik».
Uxue Barkos NaBaiko diputatuak eskuzabaltasunerako deia egin du. Euskal gizarteak ETAri egindako «mandatua» —desagertzea— ETAk berak «aldebakarreko» eta behin betiko erabakigisa hartzeak duen garrantzia nabarmendu du. Horretan laguntzeko eskatu die politikariei: «Amaieran gaudela pentsatu nahi dut, edo ostertz baikorra aurreikusi daitekeen prozesuan gaudela. Baina oso zorrotzak izan behar dugu arlo politikoan, eta eskuzabalak amaieraren gauzapenean, ahalik eta onena izan dadin».
Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusiak uste du ETAk urtebetean ekintzarik egin ez izanak «baketik gertuago» gaudela erakusten duela. «Baina hori ez da nahikoa», ohartarazi du: «Bakerako benetako apustua ETAren desagertzeak soilik bermatu dezake».
Merituak
Merituei buruz mintzatu da Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramailea. Urtebeteko su-etenaren meritua ezin zaiola ETAri eman ohartarazi du; zuzenbide estatuak «irabazi» duela «borroka», eta, beraz, horrexek merezi duela «domina». Hala ere, ETAk oraindik behin betiko desagertu dela iragarri behar duela adierazi du, begia Bildurengan ere jarrita: «Bilduk ez du egin beharrekoa egin; ez dio ETAri exijitu desagertzeko. Eta ETAk ez du halako iragarpenik egin».
Antonio Basagoiti PPko presidentearen hitzetan, ETAk «pistolak mahai azpian gordeak ditu eta bonbak hozkailuan, behar baditu erabiltzeko». Hortaz, ez da nahikoa orain artekoa. Hala ere, «indarkeriaren amaierarekiko baikor» dago Basagoiti, nahiz azkenaldian «atzerapausoak» egon direla uste duen. Bilduk Gipuzkoako Aldundiaren gidaritza hartu izana du atzerapausotzat.
Edozein kasutan, Poliziak bere lanean jarraitzen badu eta Basagoitik demokratatzat dituenek bat egiten badute, ETA desagertuko dela seguru dago PPkoa. «Une horretan egingo dut topa».
Gorka Maneiro UPDren legebiltzarkideak zabaldu du mezurik gogorrena. ETArekin inolako elkarrizketarik edo negoziaziorik ez egiteko esan dio Espainiako Gobernuari, eta Bildu legez kanpo utz dezala Fiskaltzari eska diezaiola.
Eusko Jaurlaritzari, berriz, orain arte bezala jarrai dezala esan dio: «Zero tolerantzia estrategia» mantendu dezala. «Batasuneko ordezkariak ordezkari demokratikoak balira bezala sekula ez hartzeko» ere eskatu dio PSE-EEren gobernuari.
ETAren aurka elkarlanean jarraituko dutela diote Espainiak eta Frantziak
Erakunde armatuaren aurkako mezuekin ETAn barne zatiketa eragitearen arriskuaz ohartarazi du Urkulluk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu