Luisa Etxenike eta Luis Haranburu Altuna idazleek Oroimenari eta Bizikidetzari Buruzko Biltzarrean esan dute ETAren indarkeriaren aurrean euskal kultura "isilik" egon izan dela. Kultura eta bizikidetza izeneko mahai-inguruan hartu dute parte, Elias Kerejeta zinema zuzendariarekin batera.
Haranburu Altunak iritzi dio isiltasun horrek Euskal Herria "narkotizatu" egin duela eta, ondorioz, ETAren biktimak "babesik gabe" geratu izan direla. "Zama astun hori gainetik kentzeko denbora asko eta dedikazio handia beharko dira".
ETAk jarduera armatua bukatu osteko garaia aintzat hartuta, aurrerantzean "euskara eta gazteleraren arteko bizikidetza" lortu beharko dela esan du Aranburu Altunak, eta euskaraz idazten ez duten edo abertzale ez diren euskal sortzaileen lana ere euskal kulturatzat hartu behar dela. "Diskriminazio positiboak ez du esan nahi gure kulturaren ezinbesteko parte diren Miguel Unamuno, Toribio Etxebarria edo Mario Onaindia ukatzea".
Euskal kultura ETAren aurrean "isilik" egon dela uste duen arren, Etxenikek adierazi du ahots batzuk ere altxatu izan direla. Orain, haren iritziz, "gertatutakoa ulertuarazteko erantzukizun handia" dute euskal kulturako kideek, eta hori erdiesteko "tragediaren ikuskizunetik aldendu" beharra dagoela azpimarratu du.
Astelehenean hasi zen biltzarra, Bilbon, eta igandera artean izango da, Eusko Jaurlaritzak antolatuta. "Euskadin bakea, askatasuna eta bizikidetza egonkortzeko biktima guztien testigantzak eta proposamenak" jasotzea da xedea, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera. Azkeneko egunean Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak hartuko du parte.
Kongresua "baztertzailea" dela salatu zioen astelehenean Egiari Zor fundazioak, alde bateko testigantzak baino ez dituztelakoan jasoko. Espainiako eta Frantziako estatuen "indarkeriarn" ondorioz kalteturiko pertsonak biltzen ditu Egiari Zor fundazioak.