Politika

ETAren azken adierazpenak "Prozesu Demokratikoa abiaraztea" bultzatzen duela uste du ezker abertzaleak

Erakunde armatuaren agiria ontzat eman du. Aldiz, idatzi horren harira izan duten erreakzioa ikusita PSOE eta PP "inmobilismoaren eta errepresioaren" alde egiten ari direla iritzi dio, eta EAJko zenbait buruzagiri ere estrategia horretan aritzea egotzi diote.

2010eko urtarrilaren 23a
13:17
Entzun
"Lehenik eta behin, ezker abertzaleak oso positiboki baloratzen du ETAren agiria, Prozesu Demokratikoa abiaraztea bultzatzen duela ulertzen dugulako", agertu du ezker abertzaleak prentsa ohar baten bidez.

Gogorarazi du barne eztabaida prozesuan direla Fase politikoa eta estrategia argitzen txosten ardatz hartuta, eta azaroko Altsasuko adierazpenean prozesu berri bat abiarazteko oinarriak proposatu zituela. Ezker abertzaleko kideen gehiengoak eztabaida horretan proposamen eta printzipio horien alde egin duela azpimarratu dute, eta ETAren agiria irakurrita erakunde armatua ere norabide berean doala ondorioztatu dute. "Zentzu honetan, Euskadi Ta Askatasuna erakundeak plazaraturiko agiria eztabaida prozesuaren norabide berean doala deritzogu", dio prentsa oharrak.

Ondorioz, ETAren jarrera ontzat eman du ezker abertzaleak. Ez, ordea, erakunde armatuaren azken adierazpenaren harira zenbait alderdik agertutakoa. Zehazki, PSOE, PP eta EAJ kritikatu ditu ezker abertzaleak: "Eragile politiko batzuk ordea, eta behintzat kanpora begira, ez dute era berean interpretatu ETAren agiria. PSOE eta PPren buruzagi batzuen adierazpenak entzunda, ezker abertzaleak uste du alderdiok aldaketa politikoa immobilismoaz eta errepresioaren tresna zahar eta antzuaz baldintzatu nahi dutela. EAJko agintari batzuen adierazpenek ere arduratu gaituzte, izan ere batzuek ideiak Rubalcaba Jaunaren laborategitik jaso dituztela dirudi. EAJ prest al da euskal eskenatoki politikoa aldatzeko?".

Azkenik, aldaketa politikoa beharrezkoa ikusten duen "herritar eremu zabalari" artikulatzeko eta "herri mobilizazioaren bidez" estatua mugiarazteko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.