Espainiako Auzitegi Gorenak gaur berretsi egin du ETAren bahiketa zelakoan 2003an Alegian (Gipuzkoa) gizonezko bat hil zuen ertzainaren kontrako zigorra; hain zuzen, bi urteko kartzela zigorra eta lau urteko kargugabetzea. Gipuzkoako Auzitegiak iazko maiatzean zigor horixe jarri zion eta defentsak helegitea sartu zuen.
Hildakoa Jose Atanes zen, 43 urtekoa. Izatez Gudingoa zen (Ourense, Galizia), baina Beasaingo (Gipuzkoa) bizilaguna zen.
2003ko abenduaren 19an gertatu zen hilketa. R.B.D. ertzaina istripu bat seinalizatzen ari zen N-1 errepidean, Alegia parean. Susmagarriak iruditu zitzaizkion errepidearen beste aldean geldirik zeuden bi auto eta bertako bidaiariak, eta errepidea gurutzatu zuen. Bertara iritsi, Atanesi heldu, "nahi gabe" tiro egin eta hil egin zuen. Ertzainak "ETAren bahiketa" gertatzen ari zela uste zuen, haren abokatuak esan izan duenez, eta gertatutakoa ezin zela saihestu ere esan izan du.
Aipatutako zigorrez gain, hildakoaren neska-lagunari 120.000 euro ordaindu beharko dizkio, 15.000na euro Atanesen gurasoei eta 6.000 euro anaiari.
ETAren bahiketa zelakoan Alegian gizonezko bat hil zuen ertzainaren kontrako zigorra berretsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu