ETAk eragindako biktima batzuek eta hainbat elkartek Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Plana babestu dute. Covitek, Zaituk, Estatuko Segurtasun Indarren Elkarteak, Fernando Buesa fundazioak, AVTk, Bakearen Aldeko Koordinakundeak eta Bakeaz fundazioak agiri bateratu bat plazaratu dute planaren garrantzia azpimarratzeko. «Indarkeria terroristaren iraupen luzearen ondorioz kaltetu diren jarrera eta balioak berreskuratu eta lehengoratzeko urrats garrantzitsua da», diote.Gainera, «giza eskubideak eta oinarri demokratikoak ardatz dituen bizikidetza» sustatzeko «ezinbesteko tresna» dela iruditzen zaie.
Elkarte horien esanetan, «terroristak ez dira mehatxatzen, estortsionatzen eta hiltzen duten ETAko kideak bakarrik». Haien iritziz, «gizartean oso hedatuta dagoen gutxiengo batek helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzea zilegi ikusten du», eta «pertsona eta talde» horiek ere «terroristak» kontsideratzen dituzte.
Horiek hala, elkarte hauen ustetan, «ez da nahikoa terro- rismoa bukatzeko egiten den borroka». Zilegitasuna kentzea ere behar-beharrezkoa dela iruditzen zaie. «Argi eta garbi esan behar da indarkeriaren erabilerak ez duela inoiz izan eta gaur egun ere ez duela inolako justifikaziorik», gaineratu dute oharrean.
«Zuzenbide estatuaren oinarri diren balio demokratikoak, askatasuna, bizikidetza, tolerantzia, justizia eta elkartasuna bakezko bizikidetza lortzeko ezinbesteko balioak dira». Euskal gizarteak balio horien premia duela iruditzen zaie, eta Bizikidetza Plana horretarako tresna aproposa dela diote. Izan ere, elkarte horien guztien irudiko, balio horien alde egiten du, «modu ordenatuan, lor daitezkeen helburu zehatzak finkatuz eta lanerako tresna gisa herritarren eta erakundeen arteko erkarlana ezarriz».
Irakasleekin elkarlanean
Plan horrek hautsak harrotu ditu, biktimen lekukotasunak direla eta. Irakasleek eta ikastetxeek hala eskatuz gero, ikasgeletara euren esperientzia kontatzera joateko hamalau biktima aukeratu ditu Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoak. Oharra sinatu duten biktimen elkarteek begi onez ikusten dute ikasgeletara joateko deitu izana. Indarkeriari zilegitasuna kentzeko funtsezkoa iruditzen zaie. Baina ez bakarrik eskoletan. Haien ustetan, biktimek alor guztietan izan behar dute presentzia. «Biktimen aitortza gizarte osoak egin beharrekoa da, eta, batez ere, hedabideetan eta ikastetxeetan», azaldu dute.
Argi utzi nahi izan dute, gainera, euren helburua ez dela irakasleen lana oztopatzea. «Gure asmoa haien hezkuntza lanari babesa ematea eta laguntzea da», azaldu dute. Irakasleei «sekulako errespetua» dietela diote, eta «une oro haien esanetara» egongo direla. Zalantzak badituzte haiek argitzeko prest agertu dira, halaber.
Biktimek eskaera argia egin diete alderdi politikoei eta gainerako eragileei. Euren artean desadostasun eta gaizki ulertuak baldin badaude haiek alde batera uztera dei egin diete. «Ados jartzea da plana jartzeko bidea».
ETAren biktimak, bakerako hezkuntza planarekin bat
Biktimen hainbat taldek diote «indarkeriaren erruz kaltetutako balioak» itzuliko direla Jaurlaritzaren planarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu