Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza idazkariak azaldu du 150.000 euro aurreikusi dituztela datorren urteko aurrekontuetan biktimak gogoratzeko, iazkoa hiru bider. Azaldu du Fernandezek aurten ETAren biktimak omentzeko egin duten ekitaldiak izan duen "arrakasta" aintzat hartuta, hori bera errepikatuko dutela datorren urtean eta frankismoaren biktimekin eta segurtasun indarren biktimekin beste bi egingo dituztela.
Fernandezek dio agintaldiaren azken urtean anbizioz jokatuko dutela, hiru kolektibo horiek gogoratu nahi dituztelako. Jaurlaritzak 111 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du 2016rako, eta horietatik 6,1 Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaritzarako bideratu nahi ditu eta 1,5 Memoriaren Instititurako.
Iñigo Urkullu lehendakariak ekainean ETAren biktimei harrera egin zien lehen aldiz, eta gertutasun hori beste bi kolektiboekin ere adierazi nahi du. Fernandezek gaineratu du datorren atean polizia indarkeriaren biktimak aitortzeko eta erreparatzeko lege proiektuaren zirriborroa aurkeztuko dietela Eusko Legebiltzarreko alderdiei. Bat egin eta agintaldia amaitu baino lehen onartu nahi dute. Kalte ordainak, baina, 2017ra arte ezingo dituztela ordaindu aurreratu du.
Jakinarazi du Fernandezek hiru ikerketa abiatuko dituztela: mehatxatuta egon direnen ingurukoa, mehatxuek Ertzaintzak izan duten inpaktuari buruzkoa eta estortsioa jasan dutenen ingurukoa. Zaurak jasan dituzten biktimen inguruko ikerketa bat ere egin nahi du Jaurlaritzak, argudiatu duenez, biktimei bideratutako politikarik ez dutela jaso ia. Bahituen egoera ere aztertu nahi du.