Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak gaur iragarri du Bilduk ETAren biktimen omenaldietan parte hartuko duela, eta ez du baztertu ostiralean bertan Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil izan zenari Tolosan eskainiko zaiona izatea lehenengoa. Jauregi ETAk hil zuela 11 urte beteko dira.
Txarolak omenaldi horietan parte hartuko dutela jakintzat eman du, eta egun zehatzik ez dagoen arren, gaia bihar aztertuko dutela esan du Radio Euskadin egindako adierazpenetan. Bildu "pauso asko" ematen ari dela esan du, "egunero", eta Tolosako Udalak (Bilduren esku) Jauregiren omenez jarrita dagoen monolitoa konpontzeko lanak ordaintzeko hartu duen erabakia horien artean beste bat dela esan du.
Orain dela aste batzuk eraso zioten monolitoari, eta Bilduk erasoa errefusatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundian.