ETAren desarmatzea gakotzat jo du Urizarrek bake prozesuak aurrera egin dezan

2013ko abuztuaren 10a
21:06
Entzun

EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek azaldu duenez, ETAk desarmatzeko pausoak emango dituen esperantza du, uste baitu “hori dela punturik garrantzitsuena” bake prozesuak aurrera jarraitzeko. Era berean, prozesu horrekiko PSE-EEk erakutsi duen “konpromiso falta” kritikatu du, Urizarren esanetan “PPren politiken menpe” baitago PSE-EE.

Zaruzko Alkartetxe berriaren inaugurazioan egindako adierazpenak dira horiek. Bertan, Urizarrek nabarmendu du bere alderdiak urteak daramatzala esaten inork ez lukeela ulertuko prozesua martxan denik oraindik armak baldin badaude. Hala ere, haren hitzetan, garbi geratu da bakea lortzea errealitatea izan dadin beharrezkoak diren pausoak emateko konpromisoa erakutsi duela ETAk.

Dena den, gaineratu du badirela alboratu “behar ez” diren beste kontu batzuk, eta biktimen eta ETAko presoen inguruan mintzatu da: “Azken egunotan ikusten ari gara biktima guztiak aitortzeko borondatea dagoela”. Gainera, kontu horiek albo batean uzteak gatazkaren irtenbideari “kalte egin” liezaiokeela uste du, eta PPk eta PSEk Bake Konferentziari eginiko kritikak deitoratu ditu. Urizarren esanetan, urrian Donostian egingo den nazioarteko alkateen bake konferentzia “Euskal Herriko bake prozesua irmotzeko beste ekinbide bat da". 

Rajoyrekin izandako batzarra ezkutatu izana leporatu dio Urkulluri

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariarentzat ere izan ditu hitzak Urizarrek. Espainiako presidente Mariano Rajoyrekin izandako batzarraren inguruan azalpenik ez eman izana aurpegiratu dio Urizarrek Urkulluri, eta gainontzeko alderdiak komunikabideen bidez jakin izana kritikatu du. "Madrilek ez du lagunduko euskal gatazkari irtenbiderik bilatzen, eta, beraz, ez zaio inongo kontrolik eman behar", gaineratu du EAko idazkari nagusiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.