ETAren desegiteak oihartzun handia izan du nazioarteko hedabideetan

Espainiako eta Kataluniako hedabideek nabarmendu dute gehien bat gaurko albistea.

ander perez zala
2018ko maiatzaren 3a
11:45
Entzun

ETAren desegiteari buruzko adierazpenak oihartzun handia izan du nazioarteko hedabide nagusietan. Batez ere Espainiako eta Kataluniako hedabideek nabarmendu dute albistea, ez ordea Frantziakoek, bigarren mailako albistetzat hartu baitute.

Espainiako hedabideek ideia bera nabarmendu dute: ETAk bere egitura guztiak desegin dituela. Albiste horrekin batera, talde armatua zenaren historiari buruzko artikuluak egin dituzte, baita biktimei buruzkoak ere. Editorialak ere agertu dira, tartean El Paisegunkariarena; gaurko erabakia "demokraziarentzat lasaitasuna" dela adierazi du.

Kataluniako hedabideentzat ere lehentasunezko albistea izan da gaurkoa, eta hedabideek azalera eraman dute albistea, tartean La Vanguardiak, Arak eta Nacio Digitalek. Kataluniako egoera politikoari buruzko albisteen aurretik jarri dute ETAren desegitea.

Frantzian, aldiz, ez du hainbesteko oihartzuna izan. Liberation egunkariak beste ideia batean jarri du arreta: ETAk Europa mendebaldeko azken matxinada armatuari eman diola amaiera.

Latinoamerikan ere eutsi diote albisteari. Argentinako Clarinek, esaterako, ETAren azken urteetako jardunaren errepasoa egin du, arreta jarriz urte horietan izan duen eboluzioan.

Associated Press berri agentziak, bestetik, artikulu analitikoa osatu du, eta Euskal Herriaren eta Espainiaren etorkizunaz aritu da, ETA paisaia politikotik atera ostean bi estatuek euskal herritarren eskariei erantzun behar dietela argudiatuz. AEBetako The Washington Postek eman du albistearen berri artikulu horren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.