ETA-ren su-etena bertan behera. Erreakzioak

ETAren erabakiaren aurka agertu dira, oro har, alderdi eta eragileak

Su-etena abenduaren 30ean hautzi zuela nabarmendu du EAJk. "Alderdi demokratikoen akordioa" nahi du PSE-EEk. Bide politikoen aldeko apustua berresteko eskatu diote Batasunari EAk eta EBk. "Independentisten kalerako" dela nabarmendu du Aralarrek.

2007ko ekainaren 5a
17:02
Entzun
EAJ

Su-etena ETAk abenduan hautsi zuela nabarmendu du EAJk

ETAk su-tena ez duela gaur plazaratua den agiriaren bidez hautsi nabarmendu du Josune Ariztondo EAJko EBBko bozeramaileak, baizik eta iragan abenduaren 30ean, Madrilgo Barajas aireportuan lehergailua jarri eta bi lagun hil zituenean. Horrenbestez, gaurko iragarpenak ez dituela ezustean hartu esan du Ariztondok.

Nolanahi ere, alderdien arteko zubiei indarrean eustearen alde egin du. ETAk EAJri egin dizkion kritekei dagokienez, erakunde armatuak bere burua zuritzeko egindakoak direla iritzi dio Ariztondok: "ETAk behin eta berriro bere porrotak eta bake ezin horrek ematen dion lotsaren gainetik besteei errua botata bere burua libratzen duela uste du, baina ez da horrela".

PSE-EE

Lopez: "Prozesuan ETAk baino ez du hutsegin, ETA baino ez delako indarkeriara itzuli"

Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusian ustez, prozesu honetan "ETAk baino ez du hutsegin, ETA baino ez delako indarkeriara itzuli". EAE-ANVtik zinegotzi izango direnei zuzendu zaie gaur Lopez, "ETAren mehatxua" gaitzesteko eskatuz. "Bestela, herritarrak engainatu dituztela erakutsiko dute eta ETAren bonben babesik gabe politika egiteko gauza ez direla".

Lopezek hitz egin baino lehenago, ETAk su-etena gaur barik Barajasko atentatuarekin hautsi zuela esan dute Jose Antonio Pastor PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak eta Idoia Mendia legebiltzarkideak. Hala esan dute . Halaber, beste ideia bat nabarmendu dute biek: erabaki horrek irekitako egoerari aurre egiteko ezinbestekoa dela "alderdi demokratikoek" bat egitea. "Beharrezkoa da akordio bat alderdi demokratiko guztien artean", agertu du Mendiak. "Batasun demokratikoa" aipatu du, berriz, Pastorrek. "Zapatero presidentea beti prest egon da horretarako, eta beti luzatu dizkie eskuak PPri eta alderdi demokratiko guztiei", erantsi du Mendiak.

EA

Errazti: "Bide politikoen aldeko apustua egiten duela entzun nahi nioke gaur Otegiri"

ETAren iragarpenak "guztiz ezustean" harrapatu duela esan du Begoña Errazti EAko presidenteak, egoera oso korapilatsua zela jakin arren oraindik aurrera egiteko aukera zegoela pentsatzea nahiago zuelako. ETAren agiria "mesianikoa eta zinikoa" dela iritzi dio, "beste aro bateko hizkuntzan egindakoa", eta erakunde armatu hori "euskal gizartearen kontra parez pare jartzea" ez zuela espero nabarmendu du. Aurrera egitekotan, Batasuna zein Espainiako Gobernua adostasun demokratikoa posible dela esaten entzun nahiko lituzkeela erantsi du: "Bide politikoen aldeko apustua egiten duela entzun nahi nioke gaur Otegiri, eta adostasun demokratikoa posible dela uste duela. Zapaterori entzun nahi nioke euskal gatazka politikoa konpontzeko adostasun demokratikoa posible dela esaten".

EB-Berdeak

Batasunak bakearen edo indarkeriaren arteko hautua egin behar du, EBren aburuz

"Jada ez dute balio erdibideek: edo ETAren alde dago [Batasuna] edo euskal herritarrekin bakea eta elkarrizketa demokratikoa defendatzen", esan du Mikel Arana EBren presidentziako bozeramaileak. "[Batasunak] behingoz aukeratu behar du bakearen alde lan egingo duen edo indarkeriaren erabilera babesteko duen; elkarrizketa demokratikoa nahi duen edo atentatu berrien aurrean isilik geratzeagatik gizartearen gaitzespena jasotzea". Finean, Batasunaren zuzendaritzaren iritzia eskatu du Aranak, eta ETAren menera ez aritzeko eskatku die.

Aralar

ETAren erabakia independentisten kalterako dela uste du Basabek

ETAk egindako hautua ez datorrela euskal gizartearen gehiengoaren nahiarekin bat nabarmendu du Mikel Basabe Aralarreko bozeramaileak. "Giza hondamendi eta politikoa da eta ez da euskal gizartearen gehiengoak defendatzen duen bidea, ezta ere independentistoi gure helburuetara iristen lagunduko gaituen bidea ere", esan du. "Oso albiste txarra da euskal gizartearentzako; ez du ezer onik iragartzen".

PSN

Puras: "ETAk ez du Nafarroako Gobernuaren osaketa baldintzatuko"

Fernando Puras PSNren lehendakarigaiak esan du Nafarroako Gobernua osatzeko bilerekin segituko dutela alderdiek, "ETAk inola ere ez duelako baldintzatuko osaketa". ETAk indarkeria bukatzen duenean, "erakundeetan eta sistema demokratikoaren barruan parte hartuko" dutela adierazi du Purasek, eta bitartean "terrorismoa garaitzeko" neurriak hartu behar direla.

Nafarroa Bai

Zabaletak “alde bakarreko, behin betiko eta baldintzarik gabeko su-etena" eskatu dio ETAri

Patxi Zabaleta Nafarroako Gobernurako lehendakarigaiak, Nafarroa Bairen izenean, ETAri “alde bakarreko, behin betiko eta baldintzarik gabeko su-etena” eskatu dio, eta alderdi politikoei galdegin die “nafarrek adierazi duten aldaketaren borondatearen kontra ez dezatela agiria politikoki baliatu”. Uxue Barkos, berriz, EAE-ANVri zuzendu zaio “bereziki”, “ bide politikoak erabiltzearen alde agertzeko” eskatuz.

Lokarri

Lokarrik alderdien elkarrizketa aldarrikatu du “bake prozesua berreraikitzeko”

Lokarri mugimenduak, “orain inoiz baino gehiago” alderdi politikoen arteko elkarrizketa behar dela esan du, “bake prozesua berreraikitzeko”. ETAri indarkeria bukatzeko exijitu dio eta, bide batez, herri kontsulta egiteko kanpainarekin segituko duela iragarri du Lokarrik.

BAK

ETAren aurrean “tinko” azaldu behar dela uste du BAK-ek

Bakearen Aldeko Koordinakundeak (BAK) alderdi politikoei ETAren aurrean “tinko” egoteko eskatu die. haren ustez, “ETAk abenduaren 30ean hautsi zuen su-etena eta bart gaueko agiria, edozeinen kontrako heriotza mehatxuaren abisua baino ez da, eta euskal gizarteak ezin du inola ere horrela bizitzea onartu”.

EAEko CCOO

“Euskal gizartearen kontrako pultsu absurdua da”, dio EAEko CCOOk

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) CCOOren ustez, ETAren erabakia “euskal gizartearen kontrako pultsu absurdua da, euskal gizarteak ETArten indarkeria era askora baztertu izan duelako”. CCOOk dio “ETA baino ez” dela su-etenaren hausturaren “erantzulea”.

Confebask

"Ikuspuntu politiko, ekonomiko eta sozialetik, albisterik txarrena da", Confebask-en iritziz

"Ikuspuntu politiko, ekonomiko eta sozialetik, albisterik txarrena da hau", esan du Confebask EAEko enpresarien elkarteak ETAren erabakiaz, eta berak ere erakundeei "batasuna eta adostasuna" izateko eskatu die. "Bakea da Euskadirentzat inbertsiorik onena".

CEBAK

CEBAK-ek dio dio enpresariek "ongizatearen alde" lanean segituko dutela

CEBAK Bizkaiko patronalak iritzi dio ETAren erabakia "oso kolpe gogorra" dela herritarrentzat, eta enpresariek "ongizatearen eta progresoaren alde" lanean segituko dutela, "beti egin duten bezala". Haren ustez, euskal herritarrek "benetako eta behin betiko bakea nahi dute, eta indarkeria baztertzen dute".

Adegi

Adegiren ustez, ETAk "berriz ere itsu eta gor dago"

Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak dio "herritarren gehiengoaren eskaeraren aurrean, ETA berriz ere itsu eta gor" azaldu dela su-etena hausteko erabakia dela-eta, eta herritarrei, erakundeei eta alderdi politikoei bat egiteko eskatu die.

Nafarroako enpresarien elkartea

Aiensa: "Enpresarientzat su-etenik ez da behin ere egon"

Jose Manuel Aiensa Nafarroako enpresarien elkarteko (CEN) presidenteak uste du gaurkoa "egun tristea" dela. "Dena den, enpresarientzat su-etenik ez da behin ere egon", esan du, "2006an estortsioa egon zelako eta 2007an areagotu egin delako". Haren ustez, "gaizki deituriko su-etenean, terroristek ez dituzte helburuak lortu, besteak beste lortuezinak direlako".

EAEko Arartekoa

Lamarka: "Denok lanean segitu behar dugu, ETAri desegiteko eskatuz"

Iñigo Lamarka EAEko Arartekoak baztertu egin du ETAren erabakia, "eta botere publiko eta gizarte mugimendu denek lanean segitu behar dute, denek batera ETAri desegin dadila eskatzeko". Giza eskubideen aldeko lana "sakondu" beharra dagoela uste du Lamarkak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.