ETAren erabakiaren inguruko "diagnosi bateratua" egitea proposatu nahi die EAJk gainerako alderdiei, Iñigo Urkullu EBBko buruak jakinarazi duenez. Proposamena EAJk hilaren 26an eginen duen Alderdi Egunean zehaztuko duela adierazi du gaur Bilbon, Europa Forumean egindako agerraldian. "Euskal gizartean ordezkaritza eduki nahi duten aukera ideologiko guztiak" bildu daitezkeela zehaztu du.
"ETAk bere su-etenaren alderdi teknikoak negoziatu ditzake, baina euskal gizartean ez du zilegitasunik eta ordezkaritzarik hartuko, eta normalizazio prozesuan ez du zaindari izateko gaitasunik izango. Euskadiren etorkizuna euskal gizartearen esku dago, ordezkaritza demokratikoaren bidez".
Patxi Lopez: "Diagnosi bateratua badago dagoeneko"
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez du aintzat hartu Urkulluren proposamena, eta ETAren erabakiaren inguruko diagnosi bateratua dagoeneko badagoela adierazi du. PSEk Donostiako Miramar jauregian eginiko ekitaldian erantzun dio Lopezek Urkulluri.
ETAren azken agirian "ezer berririk ez dagoela esan badugu guztiok, ez dut ulertzen zer dela-eta egin behar ditugun orain gauza ezberdinak", adierazi du lehendakariak. "Terrorismoaren aurka zero tolerantzia politika" jarraitzearen aldeko agertu da Lopez.
ETAk irailaren 5ean adierazi zuen eraso ekintza armaturik ez egiteko erabakia.
politika
ETAren erabakiaren inguruko "diagnosi bateratua" egiteko proposamena luzatuko die EAJk gainerako alderdiei
Hilaren 26ko Alderdi Egunean proposamena zehaztuko duela adierazi du Iñigo Urkulluk. "Euskal gizartean ordezkaritza eduki nahi duten aukera ideologiko guztiak" bildu daitezkeela erran du. Lopez lehendakariak erantzun dio ez dagoela horretarako beharrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu