Estatu arrazoia indargabetu izeneko agiria plazaratu du gaur ELA sindikatuak, eta iruditzen zaio "euskal gizarteak, oro har, eta mugimendu abertzaleak jasaten dituen zailtasun eta mehatxuetatik ondorioak atera" behar direla. Hala, ETAren "estrategia armatua" bukatzea garrantzitsua izan daitekeela deritzo, horrek "eskenatoki berriak" ekarriko lituzkeelako "Ekimena eta denboraren kontrola herriaren subiraniaren alde daudenek" izango lukete, ELAk dioenez, "ez [Espainiako] Estatuak".
"ENAMek apustu politiko hutsa egin behar du. Borroka armatuaren amaiera elkarrizketa politiko baten baitan etor baliteke ere, ENAMek lehenbailehen hartu behar ditu erabaki estrategikoak, baldin eta aipatzen dituen aliantza estrategikoak eta -estatuaren jokabidea ikusita- parte-hartze politiko normalizatua izaterik nahi badu. Prozesu honetarako bermeak ezin zaizkio -iraganean helburua izan den moduan- beste inori leporatu", dio Euskal Herriko sindikaturik handienak. "Ziurrenik ez da hori baldintza bakarra, baina bai ezinbestekoa".
EAJko Euzkadi Buru Batzarraren jarrera kritikatu du, "martxoan, hauteskundeak igarota, ezikusiarena
egin ziolako PSEk ezarri nahi duen estatu arrazoiari". ELAren ustez, "instituzioetako nazionalistek talka ez egitea erabaki dute".
"Subiraniarako bidea gizarte zibil antolatuak" baino ez du egin behar, haren iritziz, baina "esan beharra dago ez dela aldaketa politikorik iritsiko borroka eta mobilizaziorik gabe".
Lehengo larunbateko manifestazioa eredutzat jo du, eta mobilizaziorako arrazoiak handiak zirela dio agirian. "Urriaren 13an ezker abertzaleko buru ezagunak atxilotu eta espetxeratzea guretzat mugarri bat da. Ez da sarri gertatzen diren eskubide urratze horietako bat. Izan ere, gatazkarentzako irtenbideak bilatzeko ahaleginean dabiltzan pertsona zibilak atxilotu izanak estatuaren hautu bat erakusten du: arazoak irautea nahi du. Horren aurrean, gehiengo sindikalaren deialdiak jaso duen erantzun izugarria ere mugarri bat izan da, bildu duen pluraltasun politikoagatik eta Estatuaren politikarekin gogaituta dagoen gizarte baten adierazpen izan den aldetik".
LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuekin batera deitu zuen ELAk manifestazioa (ikusi Berria TBko bideoa).
Batzeko aukeraz
Indar abertzaleen "batzea", ELAren aburuz, "bereizi egin behar da esparru politikoak lortzeko lehiatik eta erakundeak gobernatzeko osatzen diren aliantzetatik. Posible izan behar du, modu dialektikoan, indar abertzaleek lankidetza-esparruak eta partekatutako minimoetan oinarritutako posizioak topatzea". Izan ere, hark dio horrek "aurrera egitea" ahalbidetzen duela, "eta, gainera, agerian uzten du bat-egitearen alde nor dagoen eta nor ez. Hartara, ezin da inola ere baldintza gisa eskatu inor baztertzeko".
Ipar Euskal Herriko lan eredua goretsi du
Ipar Euskal Herrian "hamar urteotan logika militante oso jakinak" emaitza onak eman dituela adierazi du agirian ELAk, eta horrek "bere esparrutik haratago erreferentzia izateko aukera handiak ditu". Balorazio ona egin du Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskal departamenduaren, kontsultaren edota Euskal Herriko Laborantza Ganbararen alde egindako lanaz.
politika
ETAren "estrategia armatua amaitu" eta Espainiaren "estatu arrazoia indargabetu" behar direla dio ELAk
Batetik, ETAren bukaera eskatu du, "ekimena eta denboraren kontrola subiraniaren alde daudenek izango luketelako, ez Estatuak". Bestetik, "aldaketa politikoa" lortzeko "borroka eta mobilizazioa" beharrezkotzat jo ditu. Indar abertzaleen elkarlanaren alde dago sindikatua, baina "batzea bereizi egin behar da esparru politikoko lehiatik eta erakundeak gobernatzeko aliantzetatik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu