PSE jomugan izan zuen ETAk Lizarra-Garaziko akordioa apurtu eta orduko su-etena hautsi ostean. PSEko presidente zen orduan Benegas, eta ETAk jomugan izan zuen hura ere.
Nolanahi ere, hainbat alderdikide eta lagun hil zizkion ETAk 2000. urtetik aurrera. Jose Luis Lopez de Lacalle kazetaria UGTn izan zuen kide Benegasek —ETAk 2000n hil zuen Andoainen—, eta Fernando Buesarekin elkarlanean jardun zuen PSEko legebiltzarkide gisa —urte horretan hil zuen ETAk Gasteizen—.
1984an, berriz, Enrique Casas PSEko antolakuntza idazkaria hil zuten Komando Autonomo Antikapitalistek. Casas "politikari eta lagunaren" heriotza "oso gogorra" izan zela oroitu zuen Benegasek Casasen omenez idatzitako liburu batean.
Fernando Mugika abokatu eta PSEko Gipuzkoako presidente ohia oroitzeko ere liburu bat argitaratu zuen haren sendiaren eskariz. ETAk 1996an hil zuen Mugika.