Politika

ETAren hilketak gizateriaren kontrako ekintza gisa epaitzeko eskatuko dio Hagari Kongresuak

UPDk PPrekin hitzartu du proposamena Espainiaren egoerari buruzko eztabaidan, eta PSOEk bat egin du Nazioarteko Justizia Auzitegian "terrorismo delituak" iker ditzala eskatzen duen erabakiarekin, delituok preskriba ez daitezen.

2014ko otsailaren 27a
07:30
Entzun

ETAren hilketak Hagako auzitegiaren eskumen izan daitezela eskatzeko beharrezko urratsak egitea erabaki du Espainiako Kongresuak, eta horrekin batera argi utzi nahi izan du biktimak babesteko ahaleginetan egin behar dela aurrera; hori, proposamenak dioenez, soilik lortuko da "ETAren eta bere estrategia politikoa desagertzean". Erabakiak 289 boto izan ditu alde, 22 kontra eta 23 abstentzio.

Beste urrats bat da gaurkoa ETA gizateriaren kontrako krimenen egiletzat jotzeko eta delituak ez preskribatzeko. Izan ere, ETAko buruzagi ugariren aurkako kereila batetik abiatuta Espainiako Auzitegi Nazionalak bere buruari aitortu zion ETAren "genozidio" ekintzak ikertzeko eskumena, urtarrilaren 29ko ebazpen batean.

Erabaki horrek atea irekiko lioke 1977. urtetik aurrera ETAk eginiko hilketak ez preskribatzeari. Abuztuan, kereila bat aurkeztu zuten ETAk hildako biktima baten senideek, eraso hura preskribatuta bazegoen ere. Hori hartu du abiapuntu auzitegiak. ETAko zuzendaritzaren kontra aurkeztu zen kereila, eta, buruzagi nazien kontrako Nurenbergeko epaiketetako doktrina ezar liezaieke ETAko buruei.

Coviteren atzetik

Hain zuzen, Covite biktimen elkarteak Hagara jo zuen Auzitegi Nazionalak erabakia hartu baino egun batzuk lehenago, auzitegiari eskatzeko iker dezala ezker abertzaleak gizateriaren kontrako krimenak egin dituen. Ikertzeko eskatzen duten 11 pertsonak "ETA-Batasuna erakundearen" buruzagi izan direla azaldu zuten txosten batean, eta horiek auzitara eramatea galdegin zion gorteari.

Arnaldo Otegi, Joseba Permach, Pernando Barrena, Josu Urrutikoetxea, Jose Luis Eziolaza, Tomas Elorriaga, Juan Kruz Maiztegi, Eusebio Arzallus, Rafael Santiago, Iratxe Sorzabal eta David Pla dira Coviteren txostenean ageri direnak.

Horiek gizateriaren kontrako krimenak egin dituztela eta horiek ez direla iraungi azaldu zuen Covitek, "gatazka armaturik" izan gabe "biztanleria zibilaren kontrako eraso sistematikoak" egin zituztelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.