Euskal Herriko bake prozesuaz eta haren haustura izan ziren Espainiako aurreko legealdiko gai nagusietakoak, baina gaur eguerdian Jose Luis Rodriguez Zapaterok (PSOE) bere bigarren agintaldia hasteko inbestidura saioan gai horri bi minutu besterik ez dizkio eskaini. ETAren kontrako borrokan Kongresuko "alderdi denen batasuna" nahi duela adierazi du, batik bat. "Batasuna behar dugu, demokraziak terrorismoa garaitzeko".
Arratsaldeko saioan Mariano Raxoi PPko presidenteari ETAz aritzeko bilera eskatu dio, eta honek onartu egin dio. "Berehalako elkarrizketa" eduki nahi du Zapaterok honekin, "eta sakona, ahaleginak biderkatuz eta gauzak zuzenduz".
ETA "behin ere baino ahulago" dagoela esan du goizean Zapatero presidentegaiak, "oraindik hiltzeko gaitasuna baduen arren". "Haren bukaeratik gertuago gaude, baina ez dugu lortu oraindik". Aurreko legealdian erakunde armatuak "demokraziak eskainitako aukerak" ez zituen "baliatu", PSOEko hautagaiaren iritziz, "eta ETAk patu bakarra du: bere bukaera. Ideologia denak kabitzen dira Espainiaz dudan ideian, baina ez krimenak eta bortxak ez".
Epaileen, fiskalen, polizien eta guardia zibilen lana goraipatu du, eta Frantziaren lankidetza eskertu.
Atzo Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak ETArekin berriro elkarrizketatzeari uko egingo diotela aurreratu zuen, eta 2005eko maiatzean Kongresuan onartutako ebazpena -Gobernuari ETArekin elkarrizketatzeko baimena ematen ziona-, "de facto" indargabetuta gelditu dela, ebazpen hura onartu zuen Kongresua desegina dagoelako, joan den legealdiaren bukaerarekin. Gaur, behintzat, Zapaterok ez du halakorik esan.
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurten urriaren 25ean egin nahi duen herri galdeketaz ere ez du deus esan Espainiako presidentegaiak. Bi minutuz aritu da erkidegoen estatutuez, ETAz jardun ondotik. "Erkidegoen moderninazio prozesua bukatu nahi dugu legealdi honetan eta, estatutua berritu nahi duenak, aukera izango du berriz ere. Aureko legealdian sei berritu genituen. Baina berritzeko, errespetu, elkarrizketa eta lankidetza instituzionala beharko dira".
Zapateroren ustez, "han edo hemen jaiotzeagatik inork ez ditu eskubide gehiago, baina inork ez du bere nortasuna mehatxatuta, eta espainiar izateko eta sentitzeko era bakar bat ere ez dago".
Ekonomia eta politika sozialak
12:10 aldera hasi du Zapaterok Espainiako Kongresuan inbestidura saioko hitzaldia -13:25ean bukatu du-, eta ekonomia eta politika sozialak izan ditu ardatz, hasieratik bertatik.
Ekonomia Espainiako Estatuan "2004an baino indartsuago" dagoela azpimarratu du, eta "munduan den krisiaren aurrean egoera onean" daudela. Gauzak hobetzeko asmoz, eragile ekonomikoekin elkarrizketa bultzatu nahi du Zapaterok, eta "aberastasuna handitzea" dauka helburu gisa, "ingurumena zainduta eta behar handiena dutenekin pentsatuta".
Aurreko legealdian politika sozialetan emandako "aurrerapausoekin segitu" egin gura du PSOEk Gobernuan, "haiek murriztu gabe eta elkartasuna bultzatuta".
PPri eta beste alderdiei "estatuko" beste gai batzuetan adostasuna lortzeko eskaintza egin die: Justizian, inmigrazioan...
Gehiengo osoa behar du lehen bozketan
Presidente izendatzeko, Kongresuko gehiengo osoa behar du Zapaterok (176 boto; PSOEk 169 ditu), baina aurreko egunetan lehenengo bozketan -bihar- hori lortzeko ahalegin berezirik ez du egin PSOEk. Kongresuko beste taldeetako bozeramaileek esan dutenez, baiezko botoa ematea eskatu ere ez diete egin buruzagi sozialistek, inbestidura aurreko bileratan. Atzo bertan, Zapatero gehiengo osorik gabe eta bigarren bozketan aukeratua izatea "bigarren mailako" kontua dela esan zuen Jose Antonio Alonso Kongresuko PSOEko bozeramaileak.
Okerrik ezean, ostiralean izendatuko dute Espainiako presidente Zapatero, gehiengo sinplez.
Espainian monarkia parlamentarioa abiatu zenetik, behin baino ez dute aukeratu gobernuburua bigarren bozketan -Leopoldo Calvo Sotelo, 1982an-, eta inoiz ez gehiengo osorik gabe -bigarren bozketa hartan gehiengo absolutua lortu baitzuen-.
Politika
ETAren kontrako borrokan Espainiako Kongresuko alderdi denen batasuna nahi du Zapaterok, eta Raxoirekin bilduko da
Euskal Herriko bake prozesuaz eta haren hausturaz minutu batzuetan baino ez du hitz egin Espainiako presidentegaiak inbestidura saioan, eta ez du aipatu ere egin Ibarretxeren herri galdeketa. ETAren bukaeratik "gertuago" daudela adierazi du, eta estatutuak berritzeko "errespetu, elkarrizketa eta lankidetza instituzionala" beharko direla. Ekonomia eta politika sozialak izan ditu hitzaldiko ardatzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu