Atentatuak

ETAren lehergailuek Osalanen egoitzan eragindako kalteak uste baino handiagoak dira

Donostiako egoitza aztertzen ari dira Jaurlaritzako Lan Saileko teknikariak, eta hasieran uste zutena baino hondatuago aurkitu dute. Kalteak dirutan zenbatekoak diren ez dute zehaztu oraindik.

2008ko maiatzaren 2a
14:29
Entzun
ETAk atzo goizaldean Osalanen Donostiako egoitzan zartarazitako bi lehergailuek eragindako kalteak hasieran uste zena baino handiagoak dira. Jaurlaritzako Lan Saileko teknikariak gaur sartu dira egoitzara, eta pentsatzen zutena baino hondamen handiagoa aurkitu dute.

Eremurik kaltetuena eraikinaren beheko aldea dela agertu dute, artxibategian dauden ingurua. Izan ere, kanpoaldean baina pare horretan jarri zituzten bonbak. Hala, sabaiaren zati batzuk eta horma batzuk erorita daudela agertu dute, habe bat zartatuta dagoela, eta kristalek eta bestelako hondakin puskek garajeetara iristea galarazten dutela. Nolanahi ere, kalteen konpontzea dirutan zenbat izango den zehazterik ez dute izan oraindik teknikariek.

Atzo goizaldean bi lehergailu zartarazi zituen Donostiako Osalanen egoitzan eta beste bat Arrigorriagako (Bizkaia) Espainiako Lan Ministerioaren egoitzan. Polizia iturrien arabera, hiru kilo amonal zituen lehergailuetako bakoitzak eta bost kilo Arrigorriagan jarri zutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.