Etxeraten iritziz ere ETAk atzo iragarri zuen urratsa historikoa da. Euskal Herrian bizi den gatazka "luze eta mingarriaren" konponbidea gerturatzen duela esan du, baina horren ondotik beste pauso batzuk eman behar direla eskatu du, "pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izango diren aro berria ahalbidetzeko".
Etxeratek gogorarazi du gaur bertan presoen senide eta lagunek milaka kilometro egingo dituztela Espainiako eta Frantziako espetxeetara bisitan. "Gure eskubideak, beste behin, urratuak izango dira eta gure bizitza, jokoan". Horregatik espetxe politika erabat aldatzeko eskatu du Etxeratek, "errepresiotik konponbide demokratikora".
Zehazki sakabanaketa amaitzea, Espainian 197/2006 doktrina bertan behera uztea, Frantzian bizi arteko zigorra bertan behera uztea, gaixo dauden presoak aske uztea eta isolamendurik edo mittardik ez izatea eskatu du. "Guztion ardura da gatazkaren oinarriei eta ondorioei helduko dien eszenatokia eraikitzea, non preso eta iheslarien itzulera ahalbidetuko den".
Horretarako euskal gizartearen borondateak duen garrantzia nabarmenduz, Etxeratek dei egin du bihar Bilbon Euskal Herriak konponbidea nahi du lelopean Gernikako Akordioko sinatzaileek deitu duten manifestazioan parte hartzera.
Etxeraten arabera, 2011ko irailaren 19an 688 preso zeuden Euskal Preso Politikoen Kolektiboan.