Hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean ustez ETArentzat dirua eskatzen zuten zazpi akusaturen kontrako epaiketa. Fiskalak, ETAko kide izatea egotzita, zortzi urte bitarteko kartela zigorra eskatzen du Alfonso Martinez Lizarduikoa, Ramon Sagarzazu, Jean Pierre Harakorene Kamio eta Emilio Castillorentzat. Kolaborazio delituaren akusaziopean Karmelo Lukin eta Inazio Aristizabal epaitzen ari dira. Horientzat sei urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak. Jesus Iruretagoiena ere auzipetu zuten, baina hilda dago.
Haiekin batera Azkoyen enpresako bost kide ere daude auzipetuta; ETAri 37 milioi pezeta ematea leporatzen diete. Sei hilabeteko kartzela zigorra jaso dezakete horiek.
Akusatuek ukatu egin dute ETArentzat dirua eskatu izana. Azaldu dutenez, Elosuarekin izandako elkarrizketa eta gutun trukeetan iragarkiak, pilota partiduen sarrerak, Eguberrietako zorion mezuak eta ardo salmentaren fakturak elkartzen zizkioten elkarri.
Faisan ostatua
Orain epaituko dituzten akusatuak Baltasar Garzon epaileak auzipetu zituen 2008an. Faisan ostatuko jabe Joseba Elosua zenaren gidaritzapean aritzea egotzi zien Garzonek.
Bi polizia zigortuta daude auzi honekin lotuta; 2006ko maiatzaren 4an ETAri polizia operazio baten berri eman eta atxiloketak saihestu zituztelako zigortu zituzten Enrique Pamies EAEko poliziaburu ohia eta Jose Maria Ballesteros Arabako Inteligentzia Brigadako inspektore ohia.