«Euskadik aldaketa garaiak bizi ditu. Zailtasun uneak, baina baita itxaropen uneak ere». EAJk Aberri Eguna dela-eta kaleratutako adierazpenean, bake aukera eta krisialdi ekonomikoaren ondorioak aztertu ditu. Euskadiren garaia da izenburua du agiriak, eta bertan EAJk adierazi du gizartearen itxaropenik handiena «ETAren mehatxua behin betiko desagertzea» dela. Hala, erakunde armatuari eskatu dio «behin betiko geldituko» dela iragar dezala. Izan ere, jeltzaleek uste dute ETA «oztopoa» izan dela Euskal Herriaren garapenean, berrogeita hamar urteko historiak «samina» baino ez duelako ekarri.
Ezker abertzaleari, berriz, «ongietorria» eman dio, politikara eta «errealitatera». Baina ohartarazi dio ez dezala «harrera berezirik» espero, «hogeita hamar urteko atzerapena gainditu beharra duelako».
Iritzi denak
«Ilusio biziko garaian» gaudela uste du EAJk. Eta ilusio hori iritzi guztien parte hartze politikoarekin gauzatu beharko litzatekeela gaineratu du. Haatik, Alderdien Legearekin Justizia «antzezpen barregarria» bilakatu dela salatu du. «Ez dugu ulertzen PPren eta PSOEren arteko akordioak Alderdien Legea era guztiz arbitrarioan eta hauteskunde tresna gisa erabiltzen jarraitzeko».
Hauteskundeei begira jarrita, EAJk ohartarazi du esparru politiko abertzalean «denbora nahasgarriak» datozela, «sigla eta aktore berriekin». EAJ, baina, bere tokian mantenduko da, «tinko» bere printzipioekin. Aberri Eguna gogoan hartuta, «Euskadirekiko konpromisoa» berretsi du EAJk.Bere ezaugarri ideologiko propioa eta «akordio eraldatzaileak» egiteko duen gaitasuna nabarmendu ditu.
Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa gogor salatzeko baliatu du EAJk Aberri Eguneko agiria. Euskal gizarteak azken 30 urteotan izan dituen erronka garrantzitsuenen inguruan Jaurlaritza «geldirik» dagoela salatu du. EAJrentzat, Patxi Lopezen gobernua «errealitatetik at» dago eta ez da gai «ezinbesteko lidergoa» berreskuratzeko.Bakea eta bizikidetza moduko erronkei aurre egiteko gai ez izatea leporatu dio, bai eta gobernu «epel, zalantzaz betea eta aldakorra» izatea ere.
ETAri «behin betiko gelditzeko» eskatu dio EAJk
Alderdien Legea «modu arbitrarioan» eta «hauteskunde tresna gisa» erabiltzea egotzi die PSOE eta PPri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu