Irlandako Irish Times egunkariak Euskal Herriko egoeraren gaineko editoriala argitaratu du gaur. ETAri eta Espainiako Gobernuari zuzentzen zaio, eta Brian Currinek "porrot" egin duela gaineratzen du, A. Etxanizek zuzeu.com webgunean egin duen itzulpenaren arabera.
Espainiako Gobernuak Batasuneko buruzagien azken adierazpenei jaramonik egiten ez badie "aukera historiko bat" gal dezakeela dio editorialak: "Rufi Etxeberria eta Arnaldo Otegi bezalako beteranoek argi esan dute, besteak beste egunkari honi eskainiriko elkarrizketan, ETAk bere jarraitzaileen nahiei huts egingo diela ostera ere indarkeriaren bideari lotzen baldin bazaio -eta kasu horretan erabat bakarturik geldituko litzateke-.
ETAren adierazpena denboran gehiegi luzatzen ari dela ere badio, eta Batasuneko buruzagiek hasieran Eguberrietarako iragarri zutela eta ondoren Urte Berrirako egin zutela. "Beraiek oraindik zain daude. Beraiek, antza, oraindik espero dute bere adiskide militarrek komunikatu ofiziala aterako dutela ETAko 700 presoen askatasuna eskatzeko Bilbon datorren larunbatean egingo den manifestazioarekin bat eginez", dio itzulpenak. "Espainiako Gobernua mugitu dadin, ETA mugitu behar da orain lehenengo, eta azkar mugitu ere", dio editorialaren amaieran.
Brian Currini dagokionez, Espainiako Gobernua konbentzitzeko ahaleginean "nabarmenki huts" egin duela irakur liteke gaur Irish Times egunkarian. "Bai ETAren adierazpenari eta baita Batasunaren mugimenduari ere errezelu ulergarriekin erantzun die [Madrilek]". Aurreko bake prozesua, gainera, "ETAren intransigentziara eta oposizioko espainiar kontserbadoreen ezetzera kondenatuta" egon zela gaineratzen du. Orain ere, maiatzeko hauteskundeetan Batasunak parte hartzen ez badu, "ETAko intransigenteak armetara bultzatzeko arriskua" ikusten du Irlandako egunkariak. "Espainiako segurtasun indarrek giza eskubideak urratzen jarraitzeak" ere [Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura kasua eta lau guardi zibilen zigorra aipatzen du] arrisku berbera duela dio.
Editoriala ingelesez Irish Time egunkariaren webgunean irakur daiteke.
Politika
ETAri bizkortasuna eta Espainiako Gobernuari aukera ez galtzeko eskatu die 'Irish Times' egunkariak editorialean
ETAren adierazpena denboran gehiegi luzatzen ari dela dio, eta Espainiako Gobernuak "aukera historiko bat" gal dezakeela Batasuneko buruzagien adierazpenei jaramonik egiten ez badie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu