politika

ETAri laguntzea egotzita zigortutako lau lagun absolbitu egin ditu Gorenak, frogarik ez dagoelako

Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den urtean epaitu zituen Mari Mertxe Alcocer, Ibai Egurrola, Amets Ladislao eta Xabier Gutierrez. Gorenak dio atxiloaldian bermeak urratu zirela eta epaileak tortura salaketak ez zituela ikertu.

2011ko ekainaren 7a
16:43
Entzun

Akusazio frogarik ez dagoela iritzita, Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin ditu ETAri laguntzea egotzita Auzitegi Nazionalak zigortutako lau lagun: Mari Mertxe Alcocer, Ibai Egurrola, Amets Ladislao eta Xabier Gutierrez.

Gorenak dio lauren atxiloaldian bermeak urratu egin zirela —inkomunikazio garaia ez zen grabatu—, eta Alcocerren kasuan Santiago Pedraz epaileak ez zituela haren tortura salaketak ikertu. Guztiek salatu zituzten torturak epailearen aurrean.

Auzitegi Nazionalak bost eta zazpi urte arteko espetxe zigorrak jarri zizkien Alcocer, Egurrola, Ladislao eta Gutierrezi. Iazko uztailean izan zen epaiketa.

2008ko abenduan atzeman zituen laurak Guardia Zibilak. Inkomunikatuta egon zen egunetan guardia zibilek eman zioten tratua "oso gogorra" izan zela salatu zuen Alcocerrek 2009an jarritako salaketan. Kontatu zuenez, guardia zibilek autoan sartu zutenean hasi ziren torturak. Burua estali zioten, eta oihuka hasi ziren. Bidaia osoan kendu ez zioten buruko estalkiaren gainean plastikozko poltsa jarrita ia ito zutela azaldu zuen. Guardia zibilek, aldi berean, oso azkar eta gogor buruan jotzeari ekin ziotela ere salatu zuen, eta lepo eta belarri artean emandako kolpeen ondorioz hitz egin ezinik utzi zutela adierazi zuen. Zauriak sendatzeko asmoz, aurpegian krema bat igurtzi ziotela esan zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.