Astelehenean eman zuen ETBk La otra cara de l@s polític@s —politikarien beste aurpegia— saioaren lehen atala. Eman zuen zeresana sare sozialetan: besteak beste, Arnaldo Otegik eta Iñigo Urkulluk harrikoa egiteaz azaldu zuten zaletasunak eta Pili Zabalaren etxeak eragin zituen hainbat iruzkin.
Atzo ziren bigarren atala ematekoak, baina ez zuen hala egin telebista publikoak. Ohar bat zabaldu zuen, bere erabakiaren berri emanez eta zergatia azalduz.
Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiaren inhabilitazioaz Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiaren aurrean, saioa ematearen inguruan kontsulta egin zion ETBk Hauteskunde Batzordeari, "berme juridiko guztiak" izateko. Hark erantzun ez, eta atzoko programazioa aldatzea erabaki zuen ETBk. Hedabide publikoak zabaldu duenez, erantzun baten zain jarraitzen du, argitzeko saioa eman dezakeen eta, hala izanez gero, data zehazteko.
Gaur, Julian Iantzi aurkezleak Twitterren eman ditu zenbait argibide; tartean, zergatik ez zuen parte hartu PPko lehendakarigai Alfonso Alonsok. PPk uko egin zion saioan parte hartzeari, Otegik ere parte hartu behar zuelako.
@JulianIantzi1 de hecho el PP no participó por estar Otegi y nosotros no cambiamos el plan, queríamos a todos!! Nada de vetos o cosas raras.
— Julian iantzi (@JulianIantzi1) 2016(e)ko irailak 8
Gaur gauerdian hasiko da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina.