Atzo egin zen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan iItzalaldi analogikoa, eta gaur EITBk azaldu du hedabideko lau telebista kateak ikus daitezkeela LTD lurreko telebista digitalaren bidez; ez, lehen bezala, ETB bakarrik. Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak jakinarazi duenez, ETB1, ETB2, ETB3 eta ETB Sat digitalean har daitezke. Baita irratiak ere: Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea, Radio Vitoria eta EITB Irratia.
ETBko Gipuzkoako multiplexa (60. kanala) Ipar Euskal Herrira zabalduz lortu dute aipatutako hiru lurraldeetan EITB digitalean hartzea. Horrez gainera, lurreko seinalea iristen ez den lekuetan ETB1 Fransat satelitean hartu ahal izango da, dohainik.
Lehen, ETB1 baino ezin zen hartu analogikoan. "Aurrerapen handia egin da, bai kate eta hedabide kopuruan, bai emanaldien kalitateari dagokionez", dio EITBk.
2008. urteaz geroztik erositako telebistek ez dute aldaketarik beharko, LTDa berez integratua dutelako. 1981etik 2008ra bitarteko telebistentzat, ikusleek deskodegailu bat behar dute. Deskodegailua ezarri ostean, LTDko kateak sintonizatu behar dira. Hogeita hamar urte baino gehiago duten telebistak zaharkituak gelditu dira, ezin direlako egokitu LTDrako.
Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Frantziako Ikus-entzunezko Goi Kontseiluarekin egin dute ETBren seinalea LTDaren bidez Iparraldean zabaltzeko kudeaketa.